Panderoa hartu eta herri batetik bestera hasi zen bertsolaria
Anjel Larrañagaren biografia idatzi du Joxean Agirre kazetariak, tartean inguruko lagun batzuen testigantzak ere badakartzalarik
Anjel Larrañaga trikitilari eta bertsolari azkoitiarraren biografia plazaratu du Lankuk, izenburu honen pean: 'Lana festa bihurtuz'. Liburuaren atzeko aldean diskoa dator, gainera. Lana Joxean Agirre kazetariak egin du eta honelako hasiera eman dio liburuko sarrerari: «Bi ahots ditu Anjel Larrañagak: bata, bertsotarako erabiltzen duena, serioagoa, eta bestea, panderoarekin lagunduta kanturako darabilena, jostalariagoa». Orain dela hamabost urte Kupela trikiti talde arrakastatsua sortu zuen Larrañagak.
Lankuk atera du liburua eta era askotako materialak daude bertan. Hasteko, Andoni Egaña bertsolariarekin eta Elkar disko-etxeko Anjel Valdés editorearekin egindako elkarrizketa bana. Egañak hau dio, besteak beste: «Suerte txarra ere izan zuen Anjelek, bera sartu zen finalak Amurizaren iraultza ekarri baitzuen eta bertsolaritzak Anjelek egiten zuen bertsogintzaren kontrako bidea hartu baitzuen. Nahiz gaztea izan, 33 edo 34 urte izango zituen eta 1980ko finalean sartu zenean, jende batek demodétzat hartu zuen haren bertso moldea».
Anjelen kantu-letrez, berriz, honela mintzo da Egaña: «Letragile lanetan egin duen ibilbidea definitzeko orduan hitz bat erabili beharko banu, funtzionaltasuna aipatuko nuke: Anjelentzat ederrak ez du balio, entzuleak ulertzen ez badu. Funtzionaltasunaren menpe egiten ditu letrak eta istorio alaiak kontatzeko beti tonu maiorreko doinuak erabili izan ditu».
«Sustraietara jo zuen»
Anjel Valdés disko-editoreak, berriz: «Bitxia da: jendea triki-poparekin aseta zegoelako-edo, Kupelak sustraietara jo zuen, zerbait herrikoia egiten hasi ziren eta jende gaztearengan ere zirrara berri bat sortzea lortu zuten». Formula arrakastatsua gertatu zen Kupelarena. Lehen diskoetatik 10.000-12.000 ale saldu zituzten.
Kupela taldean, letrak idatzi, kantatu eta pandero jotzea izan dira Larrañagaren egitekoak. Soinujole askorekin jardun izan da; hasieran, Agurtzane Elustondorekin, gero Zabale, Xabier Epelde eta Iker Allurrekin, besteak beste. Liburuak badakartza Agurtzane Elustondo, Tomas Soraluze 'Epelde' eta Xabier 'Zabale'-ren testigantzak ere.
Gure protagonista 1947ko apirilaren 12an jaio zen Kukuherri bailarako Mendizabal baserrian, Azpeitiko mugan. Ama oso bertsozalea zuen. Aitaren aldetik lotura gehiago zegoen soinuaren eta dantzaren munduarekin, aitaren anaia baitzen Lazaro 'Mendizabal' soinujolea, Azkoiti-Azpeitian asko jotako gizona. «Berak txanpon dezente irabazten zuen han-hemenka joz, baina ez zuen nahi ondorengoek ikas genezan», adierazi dio liburuaren egileari.
Musika eta bertsoz ondo osatutako etxea zen Mendizabal. Esanda bezala, osaba Lazaro trikitilaria zen, Anjelen bi anaiak dultzaina jotzen zuten, aitak ahoko soinua, izeba Ignaziak bertso zahar eta berriak kantatzen zituen etxeko lanak egiten zituen bitartean, eta amak, berriz, Santa Genobebari buruzko bertsoak.
Anjelek, hala ere, bertsolari izatea erabaki zuen gaztetxotan. Santaeskean eman zituen lehen pausoak, eta soldaduskatik bueltan txapelketetan parte hartzen hasi zen. 1979-80ko Txapelketa Nagusiko finalean kantatzera iritsi zen, Amurizak lehen txapela lortu zuen finalean, alegia.
Geroago, 44 urte zituela, panderojole hasi zen. Epelderekin hiru disko grabatu zituen, lehenbizikoa 1999an. Harrera oso ona izan zuten grabazio haiek. Eta geroago Kupela trikiti taldea osatu zuen, lagunokin 2006an plazaratu zuelarik lehen emaitza, 'Gau giro'.
Liburuaren bukaera aldera, trikiti diskoetarako egindako bertsoak irakur daitezke. 'Kupela' izeneko kantua ezaguna, adibidez, Epelde soinujolearekin batera 1999an atera zuen 'Elkarrenondoan' diskoan plazaratu zen. Hau zen errepika:
Kupela, kupela,
sagardoan hotela
kupela, kupela
zaindu ezak horrela.