Ver fotos
Beñat Gaztelumendik bigarrenez jantzi du txapela
Agin Laburu izan da bigarren, Alaia Martin hirugarren, Nerea Elustondo laugarren, Oihana Iguaran bosgarren, Ane Labaka seigarren, Beñat Lizaso zazpigarren eta Jon Maia zortzigarren
m. imaz
Donostia
Larunbata, 14 abendua 2019, 19:02
Beñat Gaztelumendi añorgarrak bigarrenez eskuratu du, jokatu duen laugarren finalean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sari nagusia, bere aita Xabierrek jarri dion txapela. Agin Laburu izan da bigarren, Alaia Martin hirugarren, Nerea Elustondo laugarren, Oihana Iguaran bosgarren, Ane Labaka seigarren, Beñat Lizaso zazpigarren eta Jon Maia zortzigarren. 940 puntu pilatu ditu Gaztelumendik, 916 laburuk.
Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi igaro dira buruz burukora. Ezin esan ezustekoa izan denik, biak ala biak eskarmentu eta talentu handiko bertsolariak baitira, baina baliteke ez izatea kinieletan aukera gehien zituen bikotea. Laburuk berak egin duen sorpresa keinua oso adierazgarria izan da.
Lehenengo espaziora bidaki dituzte, estralurtar bilakatuta, eta puntutan dira Realaren eta Barçaren partida ikustera etorri diren bi zale kataluniar. Nahastu egin dira ordea, eta Reale Arenara joan beharrean Donostia Arenan sartu dira, bertsolari eta bertsozale artera, berriro estralurtar, nolabait. Gogotik egin dute barre entzuleek.
Gaztelumendi kartzelara bidali ostean, Laburu hasi da, honako gaiari helduta: «Esan eta esan aritu arren, ez entzunarena egiten dizute». Seme autista duen aitarenetik egin du: Hezkuntzari laguntza eskatzen dio, eta beti baietz esanagatik, ez diote erantzun egokirik ematen.
Bere txanda iritsi denean, aurretiazko eskemetara nekez makurtzen den 32 urteko pertsonaren bizipenak partekatu ditu entzuleekin. Izan ere, askotan esaten diote 'zentratzeko', baina esan eta esan ari bazaizkio ere, ez entzunarena egiten du berak.
Azken atal erabakigarrira iritsi aurretik, bertsolaritzari emandako arratsaldea ederki joan da hasietarik Illunbe-Anoeta inguruan jendetza mugitzen duten hainbat jarduerak bat egin duten arren, arazo handirik gabe heldu dira 17:00etarako Donostia Arenara, Illunbera alegia, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalera gerturatu diren 6.000 bertsozaleak. Antolatzaileen gomendioei jaramon eginez, autoz etorri direnek garaiz bete dituzte aparkalekuak, azken orduko pilaketak saihestuz. Askok eta askok, ordea, garraio publikoa aukeratu dute, eta lepo igo dira autobusak.
Bertan jokatu dire aurreko hiru finaletan bezala, bertsozaleek erakutsi dute Illunbe ez dela berez handiegia, beste ekitaldi batzuk harten dituenean ematen duen moduan, ez baita hutsunerik ikusten ez harmaiketan, ezta pistan ere. Eskakizun handiko egun honetan borondatezko kolaboratzaile ugariren laguntza duen Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak berriro erakutsi du iaioa dela oso horrelakoak antolatzen eta kudeatzen.
Ion Zaldua aurretik zutela sartu dira ilaran zortzi finalistak plazara, txalo artean. Azkar igarri da non dauden kokatuta batzuen eta besteen jarraitzaileak, nahiz eta harrera bero-beroa izan duten denek.
Esertzeko orduan, Jon Maia Soriari egokitu zaio ezkerreko muturra, eta Beñat Gaztelumendi Arandiari eskuinekoa; tartean, hurrenkera horretan, Agin Laburu Rezola, Nerea Elustondo Plazaola, Alaia Martin Etxebeste, Beñat Lizaso Alberdi, Oihana Iguaran Barandiaran eta Ane Labaka Mayoz.
Agurretan azaldu dute zortzi bertsolariek zein tenoretan heldu diren lehen aldiz oholtzan lau emakume eta lau gizonezko entzuteko aukera eskaintzen duen final honetara. Azken urtean zendu diren Aitor Sarasua, Joanito Mitxelena eta Jon Barberera izan ditu gogoan Jon Maiak, eta gonbidatu ditu bertsozaleak finalean sortuko diren bertsoez gozatzera. Donostian jarri duten noria «handi bezain garestia» aipatuz, Agin Laburuk esan du «gauzak betiko ez direla, toka liteke behekoak igo eta goikoak jaistea». Nerea Elustondok, berriz, aurreko faseetan geratu direnak gogoratu ditu; «haiekiko errespetuz uzten badit senak bota nahi ditut nire bertsorik onenak», kantatu du legazpiarrak. «Taldearen nortasuna, norberaren gaitasuna, pasioa, maitasuna» ekarri ditu agurrera Alaia Martinek, eta honakoa kantatu du: «piramideak orekan dauka bere biribiltasuna eta gutiziz ase nahi nuke punta-puntako eguna».
Beñat Lizasok, azpeitiarra izanik, zezen-plazekin duen lotura aipatu du: «Pikadoreen antza det, baina torero onaren fama. Kapote gabe puertagayola aurkeztu naiz zuengana beldurrik gabe lortzeko asmoz bi belarri ta buztana». «Ze gogo hasteko eta jolasteko, baztarrak nahasteko, koska bat hazteko, gaur egun ederra da mugak hausteko» kantatu du Oihana Iguaranek, eta «balizko hitzei jarri nahi dizkiet behar beste asterisko» Ane Labakak. «Dena erortzen denean kantukideari heldu», bertsolaritzaren ezaugarrietako bat dela nabarmendu ostean «onena eskaini nahi dizuegu, nork bere ahotik baina gurea egingo degu» kantatuz borobildu du agirra Beñat Gaztelumendik.
Umoretik emoziora
17:30etan ekin diote finalaren lehen zatiari, non zortzi bertsolariek 15na bertso puntuagarri abestu behar dituzten, binaka aurrena eta bakarka ondoren. Egunerokotasunari lotutako gaiak ari dira izaten nagusi aurreneko ariketetan, eta bertsolariek umoretik jotzen dutenean ari dira entzuten txalorik handienak finalisten lana adi-adi, hitzik galdu gabe, jarraitzen ari den publikoaren aldetik.
Ofizioetan egunerokotasunari lotutako gaiak izan dira nagusi, umorerako bidea eman dutenak. Entzuleek disfrutatu dute, eta bertsolariek ere bai, baina azken ariketetan heldu da salaketarako, gogoetarako eta emoziorako unea, gai sakonen inguruan aritu behar izan dute bertsolariek: bortxaketa jasan duen neska baten gurasoak; bere buruaz beste egin duen laguna; migratzaileen tragediak eta etorkinen arazoak; adinekoen bakardadea; bere iritziei eusteagatik pintadak egin dizkioten pertsona; amatasuna; langabezia eta prekarietatea...
Proposatutako gaiek propio pasarte horiek aipatzen ez bazituzten ere, bertsolariek baliatu dituzte, besteak bestem Iruñeko Alkate Enrique Mayak sudur gorriei dien beldurra nabarmentzeko eta Irantzu Valera feminista azken asteetan jasaten ari den eraso eta mehatxuak plazara ekartzeko.