2020ko bertso uzta murriztuaren ale hautatuak
Pandemiak eragin zuen saioen beherakada handia islatzeaz gain, 54 bertso saiotatik 84 bertsoalditako 598 bertso irakurtzeko eta entzuteko aukera eskaintzen du Bertsozale Elkartearen 'Bapatean' argitalpen digitalak
n. azurmendi
Astelehena, 21 ekaina 2021, 15:44
«Bertso plaza. Zer hintzenan eta non hago! Ongi bistan gelditu zaizkin joskurak», idatzi du Bertsozale Elkartearen 'Bapatean 2020' argitalpen digitalerako prestatu duen hitzaurrean Julio SotoEzkurdiak. Soto bera aritu zen hain zuzen bertsotan, Andoni Egañarekin eta Alaia Martinekin batera, argitalpenean jasotako Covid-19ak ezarri zuen isilaldiaren aurreko azken saioan. Izko martxoaren 7an izan zen, Irunen, Irunabarrek Irungo Bertsoaren Bilguneak antolatu zuen bertso bazkarian.
Ondoren, bolada luze batean, inon ez eta nonahi dagoen Online izan zen urteko bertso saio bikainenen egoitza, aurrez aurrekoa berreskuratzen hasi zen arte. 'Bapatean 2020' osatzerakoan ez dute bereizketarik egin, Bertsozale Elkarteak Xenpelar Dokumentazio Zentroaren atarian denen eskura jarri duen lanaren xedea urteko bertsoaldi eta bertso onenak jasotzea baita, non eta nola burutu diren aintzat hartu gabe.
Edukiari dagokionez, «54 bertso saiotatik 84 bertsoalditako 598 bertso daude transkribatuta, gai, doinu eta ohiko informazio guztiarekin. Bertsoaldiak irakurtzeko ez ezik, entzuteko aukera ere badago, eta bertso plazari buruzko datu orokorragoak ere eskaintzen dira».
983 saio Euskal Herri osoan
Datu horiek islatzen dute pandemiak bertsolaritzan, gainerako arlo guztietan bezala, izan duen eragin kaltegarria. Aldi berean, bertsoaren inguruan mugitzen den mundu zabal horrek egoerari aurre egiteko izan zuen adorea eta gaitasuna erakusten du, martxak aurreko urteetakoekin alderik ez izan arren 2020.a ez baitzen izan bertsorik gabeko urte, ezta gutxiago ere.
Era guztietako saioak (jaialdiak, plaza librea, lagun-artekoak, bertso idatziaren inguruko lehiaketak, saio bereziak eta beste...) 983 izan ziren Euskal Herri osoan iaz, 2019ko 1.671ak baino askoz gutxiago.
Salbuespen gutxi batzuk izan ezik, saio mota gehienak kaltetu zituen pandemiak, baina bereziki eragin dio ugariena ere badenari: plaza libreari. Libreko saioak, alegia, 2019ko 433 haietatik 75ra jaitsi ziren 2020an. «Eta faltan sumatu ditugu, gogotik, libreko saio eta bertso otorduak», idatzi du Julio Sotok. Lagun-arteko saioak ere 344tik 113ra jaitsi ziren urte batetik bestera, baina badira kontrako joera izan duten saio motak: jaialdiak eta ekitaldi bereziak. Ekitaldi bereziak 296tik 393ra igo ziren, eta jaialdiek ere ongi eutsi zioten, segurtasun neurriak ezartzea eta betearaztea errazagoa den jarduererekin beste alor batzuetan gertatu den bezala.
Aurrez aurrekoa ezinezkoa izan zen boladan ere izan ziren saioak. Pandemiak bertso plaza isilarazita, interneteko sarea aktibatu zuela Bertsozale Elkarteak, Plaza eta Bidaiak ekimenen bitartez. Beste eragile batzuek ere hartu zuten bide hori. 'Bapatean'-ek bertso aipagarrienak jaso ohi ditu, baina 2020koak saio ezohiko ugari ere bildu ditu, streming-ak zuzenekoa ordezkatu zuen garai arraroen lekuko. 81 saio –57 jaialdi, 12 ekitaldi berezi eta gainerakoak beste modalitate batzuetakoak– biltzen dituen online kategoria sortu dute horientzat.
Lurraldeka nahiko orekatua izan zen jaitsiera, nahiz eta zenbakien muntari dagokionez Gipuzkoaren kasua izan deigarria, lehendik ere saio gehien egiten zen lurraldea baitzen. Hala, Gipuzkoan 2019an egin ziren 840 saioetatik 421era jaitsi zen 2020an, erdira. 389tik 216ra jaitsi ziren berriz Bizkaian, 200dik 107ra Nafarroan eta 121etik 98ra, apalagoak direlarik Ipar Euskal Herriko datuak: 76tik 42ra Lapurdin, 37tik 15era Baxenabarre eta 8tik 3ra Zuberoan.