Borrar
Garapena eta ongizatea galarazten duten egoera askotan erabil daiteke diplomazia prebentiboa, ez bakarrik gatazka armatuetan.

Afrika alboan

Kanariar Uharteetan bildu berri dira hainbat aditu Saharaz hegoaldeko Afrikan balia daitekeen Badaezpadako Diplomaziaz jarduteko

Begoña del Teso

Domingo, 26 de marzo 2017, 10:47

'Igitur qui desiderat pacem, praeparet bellum' idatzi zuen Vegeciok gure aroko 390 urtean. Gerra estrategiaz idazten zuen Vegeciok. Guk beti aginduzko eran esaten dugun arren, jatorrizko esaldia subjuntiboan dator. Hipotesia baino ez da: bakea benetan desiratzen baduzu, gerrarako prestatu beharko zenuke.

Nolanahi ere, esaldi horren erabilera gaiztoak ondorio odoltsua erakarri du askotan, sarri, maizegi. Zein ordea? Itsu erabili izan den Prebentziozko Gerra izeneko ez bakarrik adierazpena, baizik etaestrategia ere. Auskalo nongo, auskalo nolako bakea mantendu nahian, gerra sorrarazten dute diplomazia erabili nahi ez duten gobernuek.

Badaezpadako Gerra existitzen da. Tamalez. Baina bada ere Diplomazioa Prebentiboa. Eskerrak. Ez da horren aspaldiko kontua. 1992an sortu zuten NBEko Asanblada Orokorrean. Izena eta izana zituela, honela definitu zuten: Estatuen arteko eztabaidak sahiestuko dituzten ekintza diplomatikoak. Eztabaida, gatazka, desakordio horiek enfrentamendu armatuak bihur ez daitezen, esfortzu diplomatikoak egin. Armak hartzen badira, ahalik eta azkarren bertan uzteko akordioak lortzen saiatu. Eta geraezinak suertatuko balira, gatazka armatu horiek beste lurraldeetara zabal ez daitezen ahaleginak egin.

Zabalegitzat jo zuten askok definizio hori. Engaiamendu gutxikoa. Erraz alboratzekoa. Horrexegatik autore, eragile eta politikari frankok zorroztu eta zehaztu egin zuten: leku ahul eta zaurgarrietan, erasotzen errazak diren horietan erabil daitekeen Estatu edo talde armatuen biolentzari aurre egingo dioten posturak, ekintzak, lirateke Prebenziozko Diplomazia. Eta ez bakarrik biolentzia fisiko edo armatuaren kontrakoak. Baita beste mota batzuetako bortxa edo derrigortzeen aurkakoak ere. Badaezpadako Diplomazioak aurre egingo die ere gatazka horiek sorrarazten dituzten aldaketa ekonomikoei, naturaren hondamendiei edo errebolta politikoei.

Adierazpen horren inguruko tirabirak hortxe dirauten arren, indarrean da Prebentziozko Diplomazia. Aspaldian. Bi prebentzio modalitate daude 'eraginkorra' deitzen dena gatazka lehertzear dela darabilte. 'Egiturazkoa' izenaz ezagutzen denak epe luzerako konponbideak darabiltza, arazo kultural, sozial, politiko, ekonomiko, edo legezkoei kasu eginez. Baita giza arazo anitzei ere.

Funtsezko tresnatzat dute Badaezpadako Diplomazia munduan barrena jo ta fuego dabiltzan hainbat elkartek. Batzuk Afrikako Bake eta Segurtasun Arkitektura izenpean dihardute. Batasun Afrikarrak, berriz, esku artean du Agenda 2063. Helburua zein? Besteen pare izanik, bere burua aske izango duen kontinentea. Teknologikoa. Lehiakorra. Zientzietan eta bertakoen zoriontasunean aurreratua

Horren guztiaren inguruan mintzatu dira aste honetan Kanarietan egin den Saharaz hegoaldeko Afrikako Badaespazako Diplomaziari buruzko Nazioarteko Bilkuran. Karitaterako unerik, gunerik, betarik, paradarik ez zen bertan. Afrikak beste mota bateko tratua nahi du munduarekin. Bada oraindik jakin ez dakiena Afrikan 1.200 milioi biztanle bizi direla 59 herrialdetan. Nahiz eta asko partekatu, tokian tokikoak dira arazoak, ondasunak, miseriak, alegrantzak, ametsak. Afrika antiza da. Erraldoia. 30 milioi kilometro koadro. Inperioak izan dira kontinente horretan. Famatua da, sona handikoa, 1240 arte iraun zuen Wagadu izenekoa. Senegal ibaiaren haran ertainean barrena zabaltzen zen, gaur Mauritania eta Mali diren lurretan. VIII. garren mendean benetako iraultza komertziala bizi izan zuten hangoek. Bizimodu arabiarrarekin batera, gamelua eta merkatariza nazioartekoa sartu ziren. Karabanek Iparreko Afrikara, Ekialde Ertainera eta Europara ere ermaten zituzten urrea, bolia eta gatza. Bueltan bertan estimu handian zituzten hamaika merkantzia ekartzen zituzten.

Afrikaren aldeko apustua

Ez, Afrika ez da lur bakarra. Anitza da. Sufrikario handiak jasan ditu. Oinaze amaigabeak. Tristura kontaezinak. Baina askoren ustez Afrikaren garaia iritsi da. Kontinente gaztea. Karitatea jada onartzen ez duena. Parez pareko akordioak nahi dituzte han. Negozioak. Merkataritza. Jakina gerrak daudela. Baina Mendebaldean kontrakoa pentsatu arren, ez herrialde guztietan. Bizpahirutan bakarrik. Ondorioak, hori bai, ondorio latzak, aldamenekoetara zabaltzen dira. Egia, gazte onenek ihes egiten dute, Europa amets. Baina egia da halaber beste gazte prestu eta ausart askok Afrikaren aldeko apostua egin dutela. Orguilos. Tinko. Erne.

Horren guztiaren gainean eztabaidatu zen luze eta gogor pasa den asteartean Afrika alboan duten irla horietan. Eta mintegietan ala hitzaldietan Mendebaldeko gizaseme-alaba gutxi ziren. Ia denek Afrika zuten sorterria. Esaterako Filosofia doktorea, Ghanako Unibertsitatean Zientzia Politikoetan lizenziatua den Mohammed Ibn Chamas. NBEko ordezkaria da Afrika Ertainean eta Sahelen. Esaterako, Ghanako semea den Larry Gbhevlo- Lartey . NBErako begirale lanetan ibilia da Kroazian eta Bosnia Herzegovinan. Haibat afrikar elkartek sorturiko Terrorismoa Ikertzeko eta Ikasteko Zentroan zuzendari dihardu. Esaterako, Suedian, Parisen eta Yalen Unibertsitatean ikasia den Ebrima Sall. Luze eta sakon idatzi du Afrikako gaztediaz, Afrikako haurrei buruz eta gatazka armatuek uzten dituzten zauri moralen inguruan. Esaterako, Nigerren jaioa den Ibrahim Mayaki. Afrikako nekazaritzaren garapena du ardura nagusia. Baita Afrikako herriekin merkatal negozioetan hasi nahi duten kide berriak aurkitzea ere. Benetako kideak. Wagadu inperioaren garaietan bezala, sal-erosketetan zein inbertsioetan paradigma ekonomiko benetakoekin jokatuko duten komertzio eta industriako gizon emakumeak. Esaterako, Mauritaniak, Nigerrek, Burkina Fasok, Chadek eta Malik osatzen duten Sahel eskualdea indartzeko sortu zen G5 Sahel taldearen idazkaria den Nahim Elhadj Mohamed

Afrika alboko uharteetan, Afrika hizpide, bildu zirenak ez ziren inozoak. Ederki asko ezagutzen dituzte bertako errealitatea, mamuak, arriskuak, mixeriak. Boko Haram talde hiltzailearen berri zehatza dute. Euren herrialdeetan uzitako herio aztarna bizi dute. Badakite gazte afrikar franko erradikal bihurtzeko bidean daudela. Ez dute ezikusiarena egiten biztanle askoren itxaropen ezaren aurrean. Ezagutzen dituzten Afrikari dagozkion erronkak. Aurrean dituen arriskuak. Baina konfiantza handia dute zutik jartzen ari diren herritar horiengan.

Bilera luze eta mamitsu horren berri Casa África izeneko elkartearen web orrian duzue

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Afrika alboan

Afrika alboan