Lau emakume libre
Hegan dabil Rosalia de Castro. Gloria Fuertes bizirik da liburudendetan. Zeluloide bihurtu dira María Molinerrek sortutako hitzen arteko loturak. Hil berri den Alejandra Solerrek bizirik dirau, iraultza noiz etorriko ametsetan
Begoña del Teso
Lunes, 13 de marzo 2017, 09:34
'Norwegian' aire-konpainiak Galiziako Rosalia de Castro (1837-1885) poetaren aurpegia pintatu du bere hegazkin ontziteriko Boeing 737-800 bateko aleroian. Ipar Europako konpainiaren hegazkin denek kulturarekiko eta libertatearekiko harreman estua duten pertsonaien irudia daramate fuselajean. Maila goreneko 'pin-up'-ak, hots. Juan Sebastian de Elcano ere airean dabil. Baita Clara Campoamor ere. Cervantes. Greta Garbo. Roald Amundsen esploratzailea, hegazkintzako aitzindaria izan zen Amy Johnson emakume britaniarra
Kirmen Uribek, Mariasun Landak, Itxaro Bordak irabazi dute inoiz galegoz zein gaztelaniaz lurraz, askatasunaz, amodioaz, tristuraz, bizitzaz idatzi zuen emakumearen izena duen sari ospe handikoa. Rosalia suzko andrea zen, bere ideiak eta idealak gogor, amore eman gabe defenditzen zituena. Askoren aurrean. Anitzen kontra. Irakur ezazue, arren 'Follas novas'. Irakur ezazue, otoi, 'La hija del mar'.
'Non me olvides, queridiña/si morro de soldás/tantas légoas, mar adentro/¡Miña casiña! ¡Meu lar!' kantari dabil airean Rosalia Europako zeru guztien artean. Boteprontoan, dudarik ez izan, Gloria Fuertes (1917-1998) poetarekin egingo du topo, auskalo nongo aireportutan. Madrilgo Lavapiés auzo txit erreboltarian jaiotako idazle paregabe horren portreta ere 'Norwegian'-eko abioi batean...
Gloria motoz zebilen poeta gorbataduna. Gizonezko kide guztien eredu eta txundidura. Munduan zehar bidaiatua. Mundu guztietan ikasia eta eskarmendua jasoa. Beste emakume dohaitsuen maitale leiala. Haurrei zein gazteei poesía maitatzen era ganberroan erakutsi ziena. Jaime Gil de Biedma dandy eta idazle elitistaren mirespena zuena. Horrenbeste maite zituen berak bere izkribuak, ezen 'Coillure' izeneko bilduman Gloria baino beste emakumezko poetarik ez baitzuen inoiz sartu. Bera bakarra. Ehun urte beteko zituen aurten. Aspaldian hilda, airean dabil egun Rosaliarekin batera, hauek bezalako bertsoak idatzi zituen mila koloreko alkandorak jazten zituen poeta:
Al borde
Soy alta;
en la guerra
llegué a pesar cuarenta kilos.
He estado al borde de la tuberculosis,
al borde de la cárcel,
al borde de la amistad,
al borde del arte,
al borde del suicidio,
al borde de la misericordia,
al borde de la envidia,
al borde de la fama,
al borde del amor,
al borde de la playa,
y, poco a poco, me fue dando sueño,
y aquí estoy durmiendo al borde,
al borde de despertar.
Alejandra Solerrek ez du hegazkin beharrik hegan ibiltzeko, baina seguru hortik dabilela Rosaliarekin zein Gloriarekin, hitzaspertuan zeruak aldrebesten. Martxoaren 5ean hil zen Valentzian 103 urte zituela. Bezperan hitzaldi batean izan zen. Askotan bezala, libertatea eta iraultza ziren gai. Gai eta desio. Valentziako alaba kutuna izendatua, irakurtzeko, gozatzeko eta etabaidatzeko moduko memoria-liburu bat dauka argitaratua. Izenburu ezinhobea duena: 'La vida es un río caudaloso con peligrosos rápidos. Al final del todosigo siendo comunista'.
Unibertsitatean emakumerik ez zegoen garaietan bera Filosofian lizenziatu zen. Emakumeak kirola egiten ez zuenean bera atleta fina izan zen. Naziek Stalingrado setiatu zutenean 14 ikasle salbatu zituen Volga ibaia zeharkatuz Mende honetako azken matxinadetako lekuko eta partaide, hil aurretik abisu hau luzatu zigun: «XXI.a honek sekulakoa izan behar du».
Maria Molinerrek etxean idatzi zituen 15 urteetan zehar aurten 50 beteko dituen bere 'Diccionario del Uso del Español' non periodikoetan zein kaleetan entzundako hitzak jaso, ikertu eta sartu zituen. Zergaitik egunkarietakoak? Zergatik kalean aditutakoak? Berak esanda, «hortik datorrelako bizirik den hizkuntza, hizkera. Erabiltzen diren hitzak, beharrak berak bultzaturik, jendeak asmatu behar dituenak». Espainiako Errepublikaren aldekoa izanik, frankismoak baztertu zuen baina aurrera atera zuen, etxean, denok erabili izan dugun hiztegia. Egun, Vicky Calavia zinegileak hitz horiek, bizitza hori zeluloide bihurtu ditu 'Maria Moliner, tendiendo palabras' izenburua duen dokumental ezinbesteko batean.
Laster izango da pantaila handietan edo txikietan. Bitartean, hegan dabiltza, airos, libre, erreboltari, Rosalía, Gloria, María eta Alejandra.