Borrar
Umore pittin bat Trumpen aurkako manifestazioan: «Ikusi izan ditut kabinete hobeak Ikean».

Faxistaren 14 ezaugarriak, Ecoren arabera

Consummatum est. Donald Trump Estatu Batuetako presidentea da. New Yorkeko eta Londreseko burtsek gora egin dute. Dragoi txinatarra zelatan eta atezuan da. Errusiako Zar berria, kontent.

Begoña del Teso

Domingo, 22 de enero 2017, 11:46

Bitartean, munduko lau kantoietan eta galaxiako bost izkinetan asko eta asko akordatu dira Umberto Ecok aspaldian idatzi eta 'New York Review of Books'-ek argitaratu zuen 'Ur-Fascism' (Faxismo betierekoa) artikuluaz, biziki akordatu ere. Erraza da egin zuen azterketaren distira mamitsuaren lerro horiekin ados, akort izatea.

Ecoren esanetan, faxismoa aldakorra, alditsua da. Demokrazia ahul, minez non, Faxismoa han. Arrosaren izena idatzi zuenaren aburuz, jatorrizko, sustraiko faxismoa egungo demokrazia ororen anomalia ideologiko hutsa da. Inongo, inoren, inoizko jardun politikoak ezabatu ez duena. Ezabatuko ez duena.

Tokian tokiko ñabardurak hartzen ditu faxismoak. Mussolinirena ez zen Hitlerrena. Alemania (eta kasik Europa, mundu osoa) suntsitu zuena ez zen Portugaleko Salazarrena. Bigarren Gerra hasi aurretiko Ingalaterran, Norvegian, Letonian, Estonian, Errumanian sortu ziren faxismo haiek zer zuten komunean? Eta Ameriketan geroxeago zabaldu ziren haiek?

Ba al da faxista Erdoganen bide politikoa? Eta Putinena? Esan daiteke Marine Le Pen, Theresa May, Hungariako Janos Ader eta Viktor Orban faxistak direla?

Eta Donald? Ba al da faxista mundua hankaz gora jartzen saiatuko den Ameriketako Estatu Batuetako Presidente berri-berria?

Badaezpada ere, hona hemen Umberto Ecok aurkitu/seinalatu eta laburbildu zituen oinarrizko faxismoaren 14 ezaugarriak. Atera zuek kontuak. Bilatu zuek, nahi izanez gero, hutsuneak. Asmatu ñabardura berriak. Eta izan erne.

Tradizionalismoa. Erantzunezin bezain faltsua izan daitekeen egia nazional bat hartzen du banderatzat, lelotzat faxismoak. Arkadia bihurtzen du iraganeko nazioa, aberria, eta buruzagiak zin egiten du haren eskuetan utziz gero «berriro izango dela nazio guztietan nagusia».

Modernitateari uko. Ez teknologikoari, bai ordea Ilustrazioak sorrarazi zuen espirituari. Baita gaurko libertate berriei ere

Irrazionaltasuna. Pentsatzea, hausnartzea arriskutsua da. Ez du ezertarako balio. Egia erabatekoa baldin bada, zertarako denbora eta indarra galdu pentsamenduetan? Faxista ekintzarako gizakia da. Egin-egin-egin. Eraso-eraso-eraso. Ekinean ekin.

Pentsaera bakarra. Ados ez egotea saldukeria da. Ia goi-mailako traizioa. Faxismoa ez da fidatzen pentsamendu kritikoa duen inorekin.

Arrazakeria. Gutakoa, gutarra, hemengoa ez denari edo auskalo nondik datorrenari beldurra. Beldurra eta gorrotoa. Ezezagunari. Ezberdina denari. Judutarrak, ijitoak, indioak, mexikarrak, beltzak, musulmandarrak, maketoak, charnegoak Horien guztien asmo bakarra geurea dena akabatzea da

Erdi mailako klase kutuna. Faxismoak dei egiten dio gizarte klase horri, ederki dakielako politikariekin ez dela fio, eta behe mailako klaseak, lanaren eta jardunaren ondorioz lor ditzakeen botereak, estatusak edo diruak min egiten diotela.

Konspiraziokeria. Faxistak beti pentsatuko du inguruan, aldamenean, hurbil ala urruti duen jendea (zaleak nahiz arerioak, horrek ez du inportik) azpijokoetan dabilela bere kontra.

Herriaren umiliazioa. Faxista izan daiteke diruduna. Edo leinu argikoa baina bere alde ederki, maisu, erabiliko du honako kontra-leloa: aberatsek, banketxeek, edonolako boterea duen orok herri xumea zapaltzen eta iraintzen du beti (puntu hau askoz hobeto ulertzeko, ikus ezazue 'Comancheria' film aparta).

Erne: etsaiak! Barrukoak zein kanpokoak. Faxistak ezin bizi, ezin iraun boterean ez baldin badu kontrakorik; bederen ez badu areriorik asmatzen. Aberriaren barruan edo Aberriaren bestekaldean

Despotismo ilustratua. Boterea lortu bezain pronto, herriarekin ahaztuko da faxista. Behin eta berriro aldarrikatuko du herriarentzat ari dela lanean baina herriak ezingo du lan horretan parte hartu. Edo kudeatu.

Izan zaitez heroia. Faxistak amesten duen aberrian heroiak aldareetan izango dira. Aberriagatik hil egiten badira/badute edo Aberriagatik Aberriaren kontra diharduen inor salatzen badute...

Emakumeak. Gerlariaren atseden eta gozamenerako izakiak, batik ba.

Gizabanakorik ez. Faxismoak masa, jendetza, multzoa nahiago gizabanakoa baino. Herriaz mintzatzen da harro eta ozen baina sekulan ez ditu hiritarra edo hiritargo hitzak ahoskatzen. Faxistarentzak gizabanakoaren eskubideak beti dira erlatiboak eta, askotan, segun eta buruzagia zeinnegoziagarriak

Lexiko pobrea, oinarrizko sintaxia. Arrazoiketa konplexu eta kritikoa galerazteko asmotan, faxistak hitz lauak eta esaldi basikoak darabilzki. Egun, 140 karaktere besterik ez dituen Twiterra faxista moderno askoren hedabiderik kutunena da.

Ostiraletik Trump Estatu Batuetako presidentea da. Umberto Ecok 14 ezaugarri horiek joan den mendeko 1995eko ekainaren 22an finkatu zituen

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Faxistaren 14 ezaugarriak, Ecoren arabera

Faxistaren 14 ezaugarriak, Ecoren arabera