Kirmen Uribe eta Harkaitz Cano Goteborgen ariko dira
Etxepare Institutuak presentzia izango du hango nazioarteko liburu azokan
europa press
Jueves, 24 de septiembre 2015, 16:31
Euskal Literaturak «presentzia nabarmena» izango du aste honetan Suediako Goteborg hirian, Kirmen Uribe eta Harkaitz Cano idazleen eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendariaren eskutik.
Horrela, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, alde batetik, euskal idazleek euskal gizartean duten eginkizuna izango dute aztergai hirurek ostiralean, irailaren 25ean, Goteborgeko Unibertsitatean eskainiko duten solasaldian; Johann Järlehed ariko da moderatzaile lanetan.
Beste alde batetik, Etxepare Euskal Institutuak euskal literaturaren zabalkundeari ekingo dio Bokmassan Göteborg Book Fair nazioarteko azokan ostegunetik igandera, irailaren 24tik 27ra. Stand batean euskal sortzaileei buruzko argibidea eskaintzeaz gain, hainbat hitzordu ere lortu dira herrialde ezberdinetako editore eta adituekin, euskal literaturarentzat nazioarteko merkatu eta zabalkunderako bide berriak lortzeko asmoz.
Horrez gain, hainbat ekintza ere antolatu ditu Etxepare Institutuak azokaren baitan. Ostiralean, Kirmen Uribek eta Harkaitz Canok poesia irakurketak eskaniko dituzte Poetry Room gunean, eta Mari Jose Olaziregik solasaldi batean esku hartuko du Dolores Vilavedra Consello Galegoko kidearekin batera.
Larunbatean, Kirmen Uribe eta Milena Busquets Kataluniako idazlea memoriaren rolari buruz solastuko dira. Uribek eta Canok, gainera, kontakizun laburren irakurketa bat eskainiko dute «Basque Deli» izenburupean, eta «Small is Big» mintegian esku hartuko dute, Andreas Ekstromekin batera. Egun horretan bertan euskal literaturak Europan duen presentzia jorratuko duen mintzaldia ere antolatu du Etxepare Institutuak.