Zumaia
Zumaiako Udalak gazte sortzaileek sustatutako bi ikus-entzunezko proiektu babestu ditu aurten'Olagarroa', Malen Trenado zumaiarraren dokumental esperimentala, eta '700', Araitz Garate eta Oier Romatet gazteen laburmetraia hautatu dira
Zumaiako Udalak gazteen ekimenak bultzatzeko dirulaguntzen bigarren edizioa burutu du aurten, eta deialdiaren bidez 18 eta 30 urte bitarteko herritarrek garatutako proiektuak saritu dira. Guztira 5.000 euroko partida banatu da, eta gehienez 2.000 euro jaso ahal izan du proiektu bakoitzak.
Aurten bi ikus-entzunezko lan hautatu dira: Malen Trenado zumaiarraren olagarroari buruzko dokumental esperimentala eta Araitz Garate eta Oier Romatet gazteek zuzendutako 700 laburmetraia. Bi lanak dagoeneko martxan daude, eta gazteek ikus-entzunezko sorkuntzan eta herriko kultur transmisioan egiten duten ekarpenaren erakusgarri dira.
Trenadoren 'Olagarroa' dokumetal esperimentalak Zumaian sustraitu den ohitura bati —olagarroaren arrantzari eta inguruko kulturari— egiten dio omenaldia. 16 mm-ko formatu analogikoan grabatutako pieza poetiko eta artisaua izango da, eta, herriko paisaia, gastronomia eta belaunaldien arteko transmisioa uztartuko ditu. Olagarroarekin batera, dokumentaleko beste protagonistak Alejo Aizpurua eta Maite Aizpurua aita-alabak izango dira. Malen Trenadok Iñaki Agirrezabala zumaiarra ere izango du ondoan proiektu honetan.
Romatet eta Garateren '700'laburmetraia, berriz, etorkizuneko fikzio batean kokatzen da: baliabide-eskasia nagusitzen den mundu batean, komunitate batek arau zorrotz baten bidez biziraupena bermatu nahi du. Haur batek hamar urte betetzeak beste bizitza baten sakrifizioa dakar, eta horren bidez familia, moral eta giza-konbentzioen inguruko hausnarketa egiten du filmak. Proiektua gazte-talde zabal batek gidatuko du, eta ikus-entzunezko sorkuntzaren arloan lehen urrats profesionalak ematea da haien asmoa. Lanaren sormen-prozesua eta atzeko istorioa jarraitzeko instagram kontua sortu dute (@700laburmetraia).
Bi proiektuek tokiko talentua eta euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzaren potentziala erakusten dute. Zumaiako Udalarentzat «gazteen grinak babestea eta haien proiektuak komunitatearekin partekatzeko aukerak sortzea» da ekimen honen helburua.