Borrar
Zumaiako Musika Banda, Joxe Mari Azkuerekin, sanpedroetan egindako kontzertuan. SARA UTRERA

Zumaia

Zumaiako Udal Musika bandak 'Hommage à Piazzolla' eskainiko du bihar

Joxe Mari Azkuek ZUMB-ko zuzendari gisa bete duen hamargarren urteurrenarekin bat eginez, kontzertua 19:00etan izango da Zumaienako aretoan

Sara Utrera

zumaia.

Osteguna, 20 azaroa 2025, 20:02

Comenta

Zumaiako Udal Musika Bandak (ZUMB) 'Hommage à Piazzolla' kontzertua eskainiko du bihar, larunbata, 19:00etan Zumaiena ikastolako areto nagusian. Kontzertu berezia izango da, aurten Joxe Mari Azkuek hamar urte betetzen baititu bandako zuzendari gisa.

«Kontzertua neuk aukeratzea eskatu nuen. Azken hamar urte hauetako kontzertuetan pentsatu nuen, sentsazio hobeekin sentitu naizen emanaldietan eta gehien gustatu zaizkidanetan errepikatu ahal izateko», azaldu du Joxe Mari Azkuek. Azkenik, bihar eskainiko duten kontzerturako 'Hommage à Piazzolla' aukeratu dute; duela lau urte, Zumaiako 37. Musika Jaialdiaren barruan eta, gainera, Astor Piazzolla musikagile eta bandeonistaren jaiotzaren 100. urteurrenarekin bat eginez eskaini zuten emanaldia.

«Programa ia berdina da. Gu, noski, aldatu egin gara, zaharragoak gara, eta oraingo honetarako -lau urte geroago errepikatuko den kontzerturako- aldaketa batzuk egin ditugu», azaldu du bandako zuzendariak. «Bertsio batzuk moldatu ditugu, eta abesti berri bat sartu dugu: Suite from 'Maria de Buenos Aires', opera baten doinutik sortutako Suite bat da», nabarmendu du.

Azkuek aurreratu duenez, Santa Zezilia egunaren harira antolatutako kontzertuaren ezaugarri nagusietako bat hauxe izango da: «Gure artean Maria Zubimendi akordeoi-jole zumairra izango dugu. Musika garaikidean aritzen da batez ere». Gainera, ZUMB-ko zuzendariak adierazi duenez, emanaldian omenaldia egingo dioten musikagilea bandari zein Zubimendiri berari gustatzen zaien konpositorea da. «Musika oso hunkigarria da, energiaz betea eta baita malenkoniaz ere». Izan ere, Astor Pantaleón Piazzolla bandoneonista, orkestra zuzendari, moldatzaile eta konpositore argentinarra, XX. mendeko musikari garrantzitsuenetako bat eta mundu osoko tango adierazgarririk handienetako bat izan zen.

Hala, Zumaiena Ikastolako agertokian 30 eta 35 musikari bitartean egongo dira; aste honetan azken ukituak prestatzen aritu dira kontzertu berezi hau eskaini aurretik, bere zuzendariaren hamargarren urteurrenean.

Joxe Mari Azkuek zuzenduta, Astor Piazzolla (1921-1992) musikagilearen pieza hauek joko dituzte Zumaiako Musika Bandak eta Maria Zubimendi akordeoi-joleak 'Libertango', 'Adios Nonino', 'Contrabajeando', 'Invierno Porteño', 'Primavera Porteña', 'Chiquilin de Bachin', 'Street Tango', eta 'Suite from Maria de Buenos Aires'. Hitzordua bihar, larunbata, arratsaldeko 19.00etan izango da Zumaiena ikastolako aretoan.

Bestalde, aurretik, larunbatean 10:30etik aurrera, txistularien kalejirak herriko kaleak alaituko ditu.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Zumaiako Udal Musika bandak 'Hommage à Piazzolla' eskainiko du bihar

Zumaiako Udal Musika bandak 'Hommage à Piazzolla' eskainiko du bihar