Zumaia
Zumaiako ontziek amaitu dituzte Euskotren eta KAE1 ligaSukia-Zumaia traineruak garaipena lortu zuen azkenaurreko estropadan, Bilboko uretan
Zumaiako bi ontzi nagusiek asteburuan amaitu dituzte Euskotren eta KAE1 liga. Garaipen batekin amaitu du KAE1 liga Sukia-Zumaia traineruak, Bilboko uretan. Gizonezkoen traineruak sekulako poza eman zuen ligako azkenaurreko estropadan, XLVII. Bilbo Hiria Ikurrina irabaziz. Estropada bi txandatan jokatu zen, Zumaiak lehena atera zen bigarren txandan, eta 20:14,92ko denbora egin zuen, ia hamar segundoko aldea atera zion bigarren sailkatu zen Itsasoko Amari.
Rufo Urtizberea entrenatzailea pozik agertu zen ondoren egindako adierazpenetan. Urtizberearen arabera, mutilek merezi zuten halako egun bat. «Harrobiko hamaika lagunekin egin dugu arraunean, oso talde gaztea dugu eta askorentzat lehen bandera izan da. Haien aurpegiak ikusteak ez du preziorik», adierazi zuen
Sukia-Zumaiako tripulazioak hurrengo egunean amaitu zuen liga, atzeratutako Castroko estropadarekin. Zumaiako trainerua seigarren izan zen 21:39,09ko denborarekin. Gizonezkoen taldeak bosgarren postuan amaitu du KAE1 liga, 108 punturekin.
Ondarroan eta Getarian
Emakumezkoen traineruak Ondarroan eta Getarian izan zituen hitzorduak Euskotren ligako denboraldia amaitutzat emateko.
Bietan laugarren postuan sailkatu zen Zumaia-Delteco trainerua: V. Ondarroako Banderan 11:01,32ko denborarekin osatu zuten estropada, eta II. Getariako Ikurriña- Iparragirre 75 urte Sari Nagusian 10:57.58ko denbora egin zuen.
Hala, Zumaiako emakumezkoen traineruak laugarren postuan bukatu du Euskotren liga, 68 punturekin.