Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu dute
Imanol Azkue historialari eta ikerlariak 1766 eta 1966 urteen artean Zumaiako biztanleen eguneroko ahozko eta idatz-jardunari buruzko informazio bildu du lan honetan
Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentziari eta lekukotasunari buruzko liburua aurkeztu dute gaur goizean, Komentua Kultur Topaguneko Frantziska Labaien aretoan. Imanol Azkue Ibarbia historialari eta ikerlaria zumaiarrak 1766 eta 1966 urteen artean herriko biztanleen eguneroko mintza eta idatz-jardunari buruzko informazio bildu du 'Mendez mende Zumaian euskaraz: XVIII, XIX eta XX. mendeetan barrena (1766–1966)' izeneko liburuan. Hain zuzen, jendearen eguneroko bizimodua, euskarak herrian hartzen zuen lekua, eta garai historiko horretako gertaera desberdinak bildu ditu: gerrak, berrikuntza teknologikoak, garraioaren azpiegiturari lotutakoak eta Zumaiari berari atxikitako bestelako aldaketa soziologikoak.
Auzkerekin batera aurkezpenean izan dira, besteak beste, Aitor Manterola zinegotzia, Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria eta Belen Uranga hizkuntzalaria.
Agerraldian gogoratu dutenez, 2018an Zumaiako Udalak euskararen historia soziala ikertzeko beka atera zuen, denbora- eta leku-baldintza zehatzekin: 1766. eta 1966. urteen arteko denboraldia aztertu behar zen, 18 hilabetean eta Zumaia herriaren eremuan eta Imanol Azkue euskara-teknikariak proposamen bat aurkeztu zuen. Hala, Zumaian euskarak izan duen presentzia, eragina eta eboluzioa bi urtez aztertu ondoren, 2020an aurkeztu zuen bere ikerlana jendaurrean. Ordutik ezkutuan izan da, gaurdaino; hala ere, egileak ekarpen berriak gehitzen jarraitu zuen argitaratu auretik. Azkueren lanaren emaitza Euskaltzaindiak argitaratu du, Etxeberri bilduman, Zumaiako Udalaren laguntzarekin. 'Mendez mende Zumaian euskaraz' liburua Zumaiako turismo bulegoan eta Euskaltzaindiaren webgunean dago salgai.
«Garai bateko euskara eta gaur egungoa lotzen ditu Imanolek lan honi esker: ordungo kontakizunak eta bizipenak, ordungo zailtasunak euskaraz hitz egiteko edo administrazioan euskaraz aritzeko… Zoritxarrez gaur egun oraindik ere horrela gabiltza eta badirudi oraindik ere horrela ibili beharko dugula. Baina gabiltzan bitartean, bada, aurrera goaz. Orduan ere aurre egin genion, eta orain ere aurre egingo dugu», adierazi du Aitor Manterolak. Zinegotziaren arabera, lan honek garai bateko euskara eta gaur egungoa batzen ditu.
Bestalde, zinegotziak lan hau komentuan aurkeztu izanaren berezitasuna nabarmendu du Arantzazuri aipamena eginez, Arantzazun finkatu baitziren euskara batuaren lehen oinarri sendoak. Era berean, aurkezpenaz baliatu da eskerrak emateko, udalaren izenean, Imanol Azkueri, ikerketa-lan bikainagatik; Euskaltzaindiari lankidetz, «Udalarekin batera elkarlanean lankidetza horretan Udalaren ondoan egoteagatik; eta Zumaiako Larraina Euskara Taldeari, «beti hor egoteagatik».
Lehendik ere egin izan dira azterlan eta ikerketa ugari Zumaiaz, baina horietan gutxitan izan da propio euskara muina, eta hori da Azkuek landutako liburuaren berezitasun nagusia. Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkariak nabarmendu du hizkuntzen historia soziala azken urteetan zabaltzen ari den ikerketa eremua dela. «Euskararen historia sozialak bide luzea egin du dagoeneko, Euskaltzaindia bera aitzindari izan zen 'Euskararen Liburu Zuria' argitaratu zuenean 1978an, eta bide horri eutsi dio gero ere. Euskararen egoera eta bilakaera aztertzea gure aspaldiko kezka izan da, euskararen aurkako hizkuntza-politikek eta debekuek izan dituen eragina aztertzeko eta salatzeko», azaldu du. Testuinguru horretan kokatu du Imanol Azkueren ekarpena, eta, era berean, Akademiaren eta instituzio eta eragile desberdinen arteko lankidetza nabarmendu du.
Herriko ikuspegiaz gain, bere ikuspegi pertsonala eman du Belen Urangak. Liburuaren prozesuan zehar Imanolengandik oso gertu egon dela azaldu du, ez bakarrik Larraina taldeko kide izateagatik, Euskaltzaindiko sustapen batzordean egon zelako ere. «Ikerketaren jarraipen batzordean egoteko aukera eman zidaten», gogoratu du. Azkuek bilera bakoitzera ekartzen zituen ekarpen berriak irakurri ahal izatearen «inpresioa» nabarmendu du Urangak. «Oso bizipen pertsonala izan da, batez ere herriko historia eta istorioak gure herriko leku zehatz horietan kokatzea, denok ezagutzen ditugun leku horietan. Imanol iraganeko eskutuko bizitzan sartu da». Urangaren ustez, Azkueren lanak erakusten du Espainiako Estatuak izan zuen indarra gure hizkuntza ia desagertzeko, baina baita Zumaiak indar horri nola egin zion aurre, eta belaunaldiz belaunaldi nola eutsi zion euskararen transmisioari.
Bestalde, liburuak ikerketarekin jarraitzeko tresnak eta argudioak ematen dituela nabarmendu du, eta liburuaren egilea ikerketa lanak egiten jarraitzera animatu zuen.
Hiru une historiko
'Mendez mende Zumaian euskaraz' da Imanol Azkuek egindako 14. liburua. Aurkezpenean nabarmendu dutenez, lan hau eleberri bat balitz bezala irakurri daiteke. Izan ere, ikerlan honetan historia eta istorioak nahasten dira, eta, funtsean, Zumaiako gizartean euskarak izan duen presentzia eta lekukotasuna aztertu dira. Liburua hiru une historiko jakinetan banatu du Azkuek: 1766-1876ko epea, Matxinadatik Errestauraziora; 1876-1936ko epea, Errestauraziotik altxamendu militarrera; eta 1936-1966, Gerratik ikastolaren sorrera-unera. Garai historiko nagusien araberako banaketa egin du zumaiarrak, garai bakoitzean dagokion azterketa soziohistorikoa aurkeztuz, alde batetik, eta euskarari lotutako informazioa emanez, ondoren. Lanaren bukaeran, ondorioentzat utzitako atala jaso du.
1766tik 1876ra bitarteko garaia eraldaketa handien etapa izan zen euskal gizartearentzat, eta Zumaian ere oso eraldatzailea izan, karlismoaren eta liberalismoaren arteko talka eta haren ondorioak pairatu baitziren. Testuinguru horretan, gaztelaniaz aritzen ziren goi-mailako agintariek estatuaren eta herriaren arteko bitartekari-lana egin zuten, hizkuntza hori ezinbestekoa zelako harreman ofizialetan. Hala eta guztiz ere, euskarak bere indar sozialari eutsi zion, eta herritar gehienak gai izan ziren estatuaren hizkuntza-politiken eraginari aurre egiteko, estatua ez baitzen gai komunitatearengana eraginkortasunez iristeko. Auzkeren lanaren arabera, euskararen presentzia sendoa zen harreman sozialetan.
«Erresistentziako irudi nabarmen gisa ageri zaigu» euskara, esparru formal eta ofizialetan gaztelaniak erabateko nagusitasuna izan arren, herri xehearen eguneroko hizkuntzak euskara izaten jarraitzen zuelako.
Bigarren epealdian, ordea, 1876tik 1936ra, aldaketa politiko eta sozialen eraginarengatik gaztelaniak indar handia hartu zuen hizkuntzen arteko lehian. Euskara nagusi zen itsas eta nekazaritza-jardueretatik gaztelaniaz egiten zen industria-esparruetara igaro zen gizartea. Eta modernizazioaren eta industrializazio-prozesuaren ondorioz, euskararen erabilerak atzeraka egin zuen. Nolanahi ere, Azkueren arabera, testuinguru horretan, Euskal Pizkundearen garaian euskararen aldeko kontzientzia ernatu zen Zumaian ere, eta euskara aktiboki defendatu eta sustatu zen».
Hirugarren epealdian,1936tik 1966ra arteko garaian, Gerra Zibilak eta frankismoak euskararen erabilera publikoa gogor zapaldu zuten, baita Zumaian ere: eskola, Administrazioa eta, neurri batean, kalea gaztelaniaren menpe geratu ziren. Egoera ilun horretan, euskararen aldeko erresistentzia-moduak ere sortu ziren. Zumaian bertan, antzerkia, kantua eta erlijioarekin lotutako jarduerak hizkuntzaren biziraupenerako guneak bilakatu ziren.
Erabilitako iturriei dagokienez, informazoi-iturri gehienak gaztelaniazkoak izan direla azaldu du Azkuek, garai batean halaxe idazten zirelako dokumentu ofizialak eta hura zelako Administrazioak idatziz erabiltzen zuen ia hizkuntza bakarra. Iturriei dagonionez, bi notakoak bereizi ditu autoreak: lehen mailakoak eta bigarren mailakoak, edo aurretik egindako lanak eta liburuak. Lehen mailako iturriei dagokionez, XVIII. eta XIX. mendeetako idatzizko iturriak dira, artxibo desberdinetan topatutakoak.
Imanol Azkueren ikerketa lanak erakusten du Zumaian euskara gai izan dela Espainiako estatuaren presioari aurre egiteko bizitza sozialean, kulturan eta lan-munduan, eta esparru formaletan gaztelania nagusitu arren, euskarak bere balio soziala eta kohesio-indarra ez dituela egundo galdu. Honela, euskara ez da soilik komunikazio-tresna izan, baizik eta baita identitatearen eta memoria kolektiboaren funtsezko euskarria ere.