Zumaia
Software askearen inguruko tailerra eskainiko dute hilaren 28anAlberga elkarteak, Abaila telekomunikazio-kooperatibak eta Piztu energia-komunitateak antolatuta, 18:00etan izango da Elkarlan gunean
S. U.
zumaia.
Ostirala, 24 urria 2025, 20:59
Alberga elkarteak, Abaila telekomunikazio-kooperatibak eta Piztu energia-komunitateak antolatuta, software askearen inguruko tailerra egingo da hilaren 28an. Hitzordua 18:00etan izango da Elkarlan gunean.
«Egun hauetan, munduko sistema eragile zabalduenetako baten erabiltzaileak kezkatuta daude, ordenagailua pizten duten bakoitzean sistema horren soportea amaituko dela dioten mezuak agertzen zaizkielako. Egunero kezkatuta ibili behar dugu, ez dakigu nondik eta nork bidalita, eraso diezaguketen birusengatik, etengabe aukeratu behar ditugun cookieengatik eta iruzur egiten saiatzen diren gaizkile guztiengatik. Badirudi mundu guztiak nahi dituela gure datuak, gure argazkiak, gure iruzkinak, gure ideiak... argitaratu ondoren hodei zalantzagarrietan gordeta geratzen direnak, etekin ilunak ateratzeko nahi duenak erabil ditzan. Baina, ba al dago alternatibarik?», mahaigaineratu dute antolatzaileek.
Alternatiba hori, neurri batean behintzat, software askea eta kode irekiko programak direla adierazi dute. Eta informatikarientzat egunerokoa da hori, nahiz eta, sarritan, gaia askoz arrotzagoa izan kaleko jendearentzat. «Hala ere, software askea eta kode irekikoarekin edonork du askatasun osoa softwarea edozein helburutarako erabiltzeko; birbana ditzake softwarearen kopiak besteei laguntzeko; azter dezake softwarearen funtzionamendua eta bere beharren arabera aldatu; banatu ditzake softwarearen bertsio aldatu baten kopiak, etab.».
Bada, hortaz doa urriaren 28rako prestatu duten tailerra. Aurretik, pasa den 22an, Emakumeon* etxeak antolatutako hitzaldi batean, Maider Likonak subiranotasun teknologikoaz hitz egin zuen, eta zertaz ari diren aurreratu zuen. Datorren astean, beraz, Albergako Elkarlan Gunean antolatu duten 'Software askearen instalazio festa'-n praktikan jarriko dute hark aipatutakoa. «Bertan, gure ordenagailuetan instalatu daitekeen software-aukera hori aztertuko dugu, eta ikusiko dugu, hasiera batean ezezagunak izan eta zalantzak sor daitezkeen horiek, praktikan seguruak direla eta orain arte erabiltzen ari zarena bezain eraginkorrak, edo are eraginkorragoak, direla. Hortaz, zure ordenagailua eta jakin-mina ekarri, eta mundu oso bat deskubrituko duzu», gaineratu dute tailerraren antolatzaileek.