Zumaia
Herritarren arteko herri kirol saioa izan dute Oikian, San Agustin egunean, festak amaitzekoAtzo amaitu ziren San Bartolome jaiak auzoan. Bi taldetan banatuta, bata urdinez eta bestea zuriz, proba desberdinak egin zituzten eguerdian
San Agustin egunarekin amaitu dira sanbartolomeak Oikian. Atzo, mezaren ondoren, herri kirol saioa izan zuten plazan. Bi taldetan banatuta, bata urdinez eta bestea zuriz, proba desberdinak egin zituzten, beste taldetxo batek ondoren gozatuko zuten paella jana prestatzen zuen bitartean. Lokotx biltzean, gizon proban (gizonezkoak zein emakumezkoak, kasu honetan), txingetan, harri jasotzen, korrika, trontzan aritu ziren, besteak beste. Proba bakoitza lau aldiz osatu ondoren, talde zuria izan da aurtengo irabazlea.
Paella janaz gozatu ondoren, oikiarrek eta auzora gerturatu zirenek bingoa izan zuten eta arratsaldean, berriz, euskal mitologian eta inauterietako mundu magikoan murgiltzeko ekintza.
Gauean, Izer eta Alabier trikitilariak aritu ziren giroa alaitzen. Oikiako jaiak akelarrearekin eta txin-txin herrikoiarekin amaitu ziren.