Zumaia
'Hari gorritik tiraka' liburuxka aurkeztu du Aitor Tena zumaiarrak60-70eko hamarkadetan izan zen Herri Gaztedi mugimendua aztertzen du lan honek
Aitor Tena zumaiarrak 'Harri gorritik tiraka' liburuxka aurkeztu du. Herri Gaztedi mugimenduari buruzko bere ikerketa-lan dibulgatiboa da, eta iaz Udaleko Berdintasun sailak gazte ekimenak bultzatzeko emandako diru laguntzarekin ondu du. Ostiral arratsaldean egin zuen lanaren emaitzaren aurkezpena, belaunaldi ezberdinetako publikoa bildu zuen Oxford aretoan.
Tenaren arabera, beti nahi izan du horrelako deialdi batera aurkeztu, baina inoiz ez zuen aurkitzen hori egiteko gai edo proiektu egokirik. 2024ko maiatzean, Herri Gaztedi mugimenduaren 60. eta 70. hamarkadetako esperientziaren berri lehen aldiz izan zuen arte. Hala ere, ez zegoen ia informaziorik horri buruz, aipamen batzuk baino ez argitalpen batzuetan. Horrexegatik iruditu zitzaion egokia proiektua. «Gure herriaren historiaren parte da, memoria historikoa berreskuratzeko modua da, eta, batez ere, gazteei horren inguruan transmititzeko egokia», adierazi zuen. Eta, liburuxkaren izenburuak dioen bezala, hari gorritik tiraka ibili behar izan zuen mugimenduari buruzko informazioa topatzeko.
Bere ikerketan, artxibo dokumentazioaren analisia egin du: Beneditarren Fundazioan gordetako bost argitalpen eta 45 aldizkariko 128 artikulu izan ditu eskuartean (1961-1972). Halaber, Herri Gaztediko 68-89 urte bitarteko bederatzi kideen testigantzak jaso ditu. 60-70 hamarkadetan jarri du arreta, oraindik gutxi aztertutako garaia delako; haren esanetan, garai hartako mugimenduak ezagutzea garrantzitsua da, hurrengo hamarkadetan sortu edo garatu ziren mugimendu, alderdi eta sindikatuak ezagutzeko.
Datuen arabera, Herri Gaztedi 1965ean sortu zen, Baserri Gaztedi deituriko mugimenduaren jarraipen gisa. Baina Zumaiako mugimenduaren lehen informazioak urtebete gerokoak dira. Elizarekin eta kristautasunarekin lotura zuzena zuen (Luistarrak, Mariaren Alabak, OARGUI, etab.).
Euskal Herri mailan aritu zen, «mugimendu hezitzailea eta ekintzailea izan zen. Bi alderdi horiek ezinbestean elkarri lotuak ageri ziren eta ezin zitezkeen ulertu bata bestea gabe». 1965an azaltzen zen Herri Gaztediren helburua gazteak hezi eta kristautzea zen, jainkozaletasuna osatu eta bere bizitzai erlijio kutsua ematea. Eta heziketaz gain, bere egitekoa zen gaztea ekintzara bultzatzea, konpromisoa izatera. Hala, lau ezaugarrirekin definitzen zuten: gazte mugimendua, herri mugimendua, heziketa mugimendua eta eliz mugimendua. Izan ere, eliza mugimendurako babesleku izan zen, frankismoaren kritikarako zein euskararen eta euskal kulturaren suspertzerako babesgunea.
Zumaiaren kasuan ere, Herri Gaztediaren lehen belaunaldia osatu zuten ekintzaile gehienak mugimenduaren aurrekariaren kide izan ziren, edo gutxienez horien bueltan egondakoak. Eliza zen frankismoaren diktadurari ihes egiteko zirrikitu bakarrenetakoa. Eta ordura arteko kristauak, euren inguruan ezagutzen zituztenak, «denak eskubitarrak ziren, eta Herri Gaztegi ezkertiar kristauak sortzeko beharretik jaio zen gure herrian. Printzipio nagusiak marxismoa, klase borroka, kristautasuna, abertzaletasuna eta euskera ziren».
Ekintzaileek diote, gainera, Zumaia zela nukleo nagusia, eta hor egiten zirela orokorrean bilerak asteburuan, apaiz etxean. «Bilera luzeak izan ohi ziren, batzuetan goizeko seiak arte luzatzen ziren». Zumaiaz gain, beste talde txikiak ere baziren Oikia, Aizarnazabal, Arroa Goia, Aizarna, etab.
Gertakari ezberdinen aurrean ekintza aldarrikatzaile ugari eraman zituen aurrera gure herrian, elkartasuna adierazteko edota salaketa egiteko. Gainera, gaztetxoen taldeak ere baziren Zumaian, Herri Gaztediko kideek dinamizatzen zituztenak. «Egiten zituzten bilerez gain, Aste Santuan eta udan kanpora ere joaten ziren: Urbia, Nafarroa... Aisialdiko jarduerez gain, gauetan bilerak egiteko tartea ere hartzen zuten irteera edo kanpaldi horietan», azaldu zuen Tenak. Etorkinak herrira etortzen zirenean ere Maria eta Jose Ikastetxean alfabetetze eskolak egin zituzten.
Azken urteak
Piskanaka elizaren babesa galtzen joaten hasi zen, eta 1971 urtean, klandesnitatean antolatzeko jauzia egiteko hausnarketa egin zuen Herri Gaztedik: Alderdi politiko, mugimendu antolatua bihurtzea edo ekintzaileek bide politiko bat bilatzea. Azkenengo aukera honen alde egin zuten. Zumaian, orokorrean, Ezker Komunista Erakundera pasatu zen.
Herri Gaztediren amaieraren data zehatza jakin ez arren, Aitor Tenak bere elkarrizketetan jasotako testigantzen arabera, mugimendua 1973 eta 1975 artean iritsi zen amaierara, batzuek, berriz, 1976an oraindik ere jarraitzen zuela diote.
Aitor Tenaren lana irakurri nahi duenak, bere bertsio digitalean egin dezake: labur.eus/herrigaztedizumaia.