Zumaia
'AMAraun' dantza eta bertso ikuskizuna eskainiko da bihar Aita Mari antzokianEmanaldia 20:00etan izango da; sarrerak turismo bulegoan eta sarrerakzumaia.eus webgunean daude salgai
S.U.
zumaia.
Asteazkena, 15 martxoa 2023, 21:52
Bihar, hilak 17, 'AMAraun' ikuskizuna izango da, 20:00etan, Aita Mari aretoan. Emanaldia Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta antolatutako jardueretako bat da, eta sarrerak sei eurotan daude salgai turismo bulegoan eta sarrerakzumaia.eus webgunean (4 eurotan Gazte Txartelarekin).
Amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatzeko musika, kantua eta dantza uztartzen duen ikuskizun bat da 'AMAraun'.
«Proiektu artistiko bezala berritzailea iruditzen zaigu bertsoa eta dantza elkarrizketan baliatzea, baina ez bakoitza bere aldetik, kontakizun baten elementu banaezin bezala baizik», diote Lanku Bertso Zerbitzuak konapiniatik. «Ez dugulako bertsoa dantzatuko, edo dantza bertsotan emango. Istorio bat kontatuko dugu eta horretarako eskura dugun lengoaia guztia baliatuko dugu: musika, gorputza, ahotsa, hitza, espazioa, eszena... Erronka gisa ikusten dugu figurak lausotzea ere, dantzaria kantura ekarriz eta bertsolaria dantzara. Ez dugu hain uztarketa esturik egin duen ikuskizun eszenikorik ezagutu euskaraz», gaineratu dute.
Oihana Iguaranek egin ditu 'AMAraun' ikuskizunaren gidoia, ahotsa eta bertsoa, eta Amaiur Luluagak koreografia. Bi artistak Aita Mariren eszenatokira igoko dira bihar.