Zestoa
Jurdan Arakistainek Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiaren txapela jantzi duEneko Sagarmendirekin osatu zuen bikotea zestoarrak, eta 25-13 nagusitu ziren
S. U.
Zestoa.
Astelehena, 1 apirila 2024, 20:31
Zumaiako Pilota Elkarteko kide den Jurdan Arakistain zestoarrak Euskal Pilota Egokitua Sari Nagusiaren txapela jantzi du. Adimen urritasuna dutenen finalean, Mutrikun jaio eta egun Errenterian bizi den Eneko Sagarmendirekin osatu zuen bikotea Arakistainek, eta 25-13 nagusitu ziren Iñaki Divasson eta Iraitz Huegun bikotearen aurka, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan.
«Hori bai, finala azken emaitzak iradoki dezakeena baino estuagoa» izan zela azaldu dute Euskal Pilota Egokitua Master Cup Irekiaren antolatzaileek. «Hasiera ikusgarri batean», Divasson eta Huegun 7-2 aurreratu baitziren. Atzelari donostiarrak «sekulakoak» eman zizkion pilotari hasiera horretan, palatik beste abiadura batean irten zitzaion pilota eta aurkariak dantzan izan zituen. Sagarmendi-Arakistainek, ordea, ez zuten inongo momentutan etsi, «argi zuten partidari eustea izango zela txapela janzteko gakoetako bat eta euren bidetik jarraitu zuten, markagailuari jaramon handirik egin gabe». Hala, Sagarmendik jokoan sartzen asmatu zuen, eta Arakistainek, gainera, partida osoan pilota bakarra galdu zuen.