Zestoa
'Gai ziren eta gai gara' bertso-saioa izango da bihar kiroldegianZestoa eta Urepele herriek sinatutako akordiaren harira antolatutako ekitaldien baitan
Eli Aizpuru
ZESTOA.
Osteguna, 30 maiatza 2024, 20:04
Azaroan, Zestoa eta Urepele herriek sinatutako akordioaren harira antolatutako ekitaldi nagusiak asteburuan hasiko dira. Bihar, larunbata, 'Gai ziren eta gai gara' bertso-saioa izango da, 17:30ean, Kiroldegiko pilotalekuan. Bertan, 1967an jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiko gaietatik abiatuta –Xalbador urepeldarrak eta Uztapide zestoarrak abestu zutenekoa– ekarriko dute gogora Maialen Lujanbio, Saioa Alkaiza, Alaia Martin, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Aroa Arrizubieta bertsolariek. Gai jartzaile lanetan, Amaia Agirre eta Xalbat Alzugarai ariko dira.
Sarrerak Turismo Bulegoan daude salgai 10 eurotan eta egunean bertan ere erosteko aukera izango da Kiroldegiko leihatilan.
Ekainaren 15ean Urepele Eguna ospatuko da Zestoan. Eguna XXII. Ibilaldi Neurtuarekin hasiko da, aurten ibilaldi bakarra izango da, 15 kilometrokoa. Udalaren webgunean eman ahal izango da izena.
Bestalde, bertako eta Urepeleko ekoizleen eta artisauen azoka izango da goizean zehar, plazan. Herri bazkaria ere antolatu da, eta txartelak Portalen daude salgai, 15 eurotan.
Eguerdian Klika txaranga izango da herriko kaleak alaitzen.
Senidetzearen harira, Pako Aristi idazleari Zestoako Udalak liburua idazteko enkargua egin zion, eta hortik sortu da 'Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi' izeneko lana. Aurkezpen ekitaldia Donostian izango da ekainaren 5ean, baina Zestoan aurkezpen mahai-ingurua egingo da ekainaren 19an. Mahai-ingurua Kultur Etxean izango da 19:00etan. Azkenik,ekainaren 29an, Zestoatik Urepelera bitarteko ibilbidearen 4. zatia egingo dute, Labaienetik Belatera bitarteako 20 kilometrokoa. Bertan parte-hartzeko aurrez izena eman beharko da eta aurrekoetan bezala, aurrez berri emango dutela adierazi dute Udaletik.