Festetako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa, zabalik
AINARA MARTÍN
Ostirala, 29 uztaila 2022, 00:03
Zestoako Udalak festa egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketaren oinarriak jakitera eman ditu. Parte hartzeko beharrezkoa da Zestoan erroldatuta egotea. Bakoitzak gehienez hiru lan bidal ditzake. Lan hauek jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste inolako lehiaketatan saritu gabeak izan beharko dute, neurri honetakoak: 21 x 21 cm. Ondorengo testuetariko bat eraman beharko dute lanek: Zestoa Amabirjinak 2022, Zestoa Herri Jaiak 2022 edo Zestoa Festak 2022. Lan bakoitzarekin batera, karta-azal baten barruan, egilearen datuak eta Nortasun Agiriaren zenbakia idatziko dira. Lanaren atze aldean berriz, NAN zenbakia. Hori guztia (karta-azala lehiakidearen datuekin eta aurkeztu behar den lana), beste karta-azal baten barruan aurkeztuko dira. 250 euroko saria jasoko du lan irabazleak.
Lanak Zestoako Udaletxean aurkeztu beharko zaizkio Zestoako Udaleko Kultur Teknikaria den Fernando Arzallusi, abuztuaren 11a izango delarik lanak aurkezteko epea. Epaimahaia Kultura eta Ondare Batzordeko kideek eta hark izendaturiko beste adituek osatuko dute. Saritutako lanaren jabea Zestoako Udala izango da eta argitaratzeko eskubidea izango du. Kasu honetan, egileak ez diezaioke Udalari aparteko ordainik eska. Oinarri hauetan jasotzen ez den edozein gorabeheretan, epaimahaiak izango du erabaki ahalmena.
Lehiaketa honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarri eta baldintza guztiak onartzea.