Zestoa
Emakumeak gimnasioan ahalduntzeko ikastaroa antolatu du Zestoako UdalakIkastaroa bi adin-tartetan banatuta eskainiko da: 16 eta 30 urte bitarteko emakumeentzat, batetik, eta 30 urtetik gorakoentzat, bestetik
Eli Aizpuru
ZESTOA.
Osteguna, 30 urria 2025, 20:29
Kiroldegiko gimnasioko indarra lantzeko makinak erabiltzen ikasteko, emakumeei zuzendutako ikastaroa antolatu dute Zestoako Udaleko Gazteria eta Jarduera Fisiko eta Kirol Sailek. «Emakumeek indarra lantzeko materialak eta makinak ezagutzea, autonomia garatzea, konfiantza irabaztea eta espazio horretan ahalduntzea» da udalak antolatutako ikastaroaren helburua.
Saioak bi adin-tartetan banatuta eskainiko dira: batetik, 16 eta 30 urte bitarteko emakumeentzat, eta bestetik, 30 urtetik gorakoentzat.
Gazteenei zuzendutako lehen txanda azaroaren 17an eta 24an izango da, eta bigarrena, azaroaren 20an eta 27an.
30 urtetik gorako emakumeen kasuan, abenduaren 1ean eta 15ean egingo da hirugarren txanda, eta laugarrena abenduaren 4an eta 11n.
Saio guztiak 19:00etatik 20:00etara bitartean egingo dira Zestoako kiroldegian.
Ordubeteko saioak
Txanda bakoitzak bi eguneko iraupena izango du, eta egun bakoitzean ordu beteko saioa egingo da. Parte hartzaile bakoitzak txanda bakarra aukeratu beharko du. Ikastaroa doakoa izango da, baina parte hartzeko kiroldegiko bazkide izatea beharrezkoa da.
Izen-ematea
Izena kiroldegian bertan eman daiteke eta azaroaren 12a izango da azken eguna. Informazio gehiago jasotzeko interesa dutenek kiroldegia@zestoa.eus helbidera idatz dezakete edo 943 147 942 telefonora deitu.