Zestoa
Eguerdiko txupinazoarekin lehertuko dira jaiakUmeen Eguna ospatuz hasiko dira festak, eta Amabirjina egunarekin amaituko dira astelehenean
Jai giroa asteburu honetan itzuliko da Zestoara. 12:00etan botako dute Amabijirnak hasteko txupinazoa udaletxeko balkoitik, eta irailaren 8a arte ekitaldi ezberdinez gozatzeko aukera izango da herrian.
Zestoako haurrak zuri-gorriz jantziko dira gaur euren eguna ospatzeko. 11:30ean hasiko dira jarduerak, plazatik abiatuko den diana zaratatsuarekin. Txupinazoaren ondoren, gaztetxoen dantzaurrea eta zahagi-dantza egingo dira, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta. Jarraian, herriko banda, buruhandiak, txistulariak eta Joselontxos txanga arituko dira festa giroan. 14:30ean, ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria egingo da kiroldegian, eta arratsaldean, bertso poteoa Unai Agirre eta Oier Etxeberriarekin, Lopene ganadutegiko poniak plazan eta Ostarte erromeria izango dira. Gauean, berriz, suzko zezena, Ostarte erromeria eta DeBrass-ekin gozatzeko aukera izango da.
Biharko jarduerak Idiakaitz txistulari taldearen dianarekin hasiko dira goizeko 10:00etan. Eguerdian eta arratsaldean umeentzako jolas parkea izango da frontoi inguruan. 14:30ean, paella lehiaketa hasiko da eta 17:00etan Kuadrillen arteko jolasak egingo dira plazan, Ustekabe txarangak alaituta. Gauean, Sukena eta Hazas eta Jagobaren musikarekin dantzatzeko aukera izango da.
Igandean, Zestoako dultzaineroak taldearen eta Idiakaitz Txistulari taldearen dianen doinuekin esnatuko dira herritarrak. Eguerdian, Nafartasunari gorazarrea izango da, Musika, bertso eta dantzaz alaiturik, sorgin ehizaren bosgarren mende-aurrea gogoratuko da. Arratsaldean, kirol jokoak egingo dira frontoi zaharrean. Eta 17:30etik aurrera, herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragartzeko. Bitartean, Gurea Kultura ekimenak antolatuta zezenketen alternatiba kontzertuak izango dira estazio aldean (Ez Ez Ez, Makeda eta Sal del coche). Gauean ere musika nagusi izango da Skapaie eta M&M taldeekin.
Aurtengo jaiak astelehenean amaituko dira Amabirjina Egunarekin. Zestoako dultzaineroak taldearen eta Idiakaitz Txistulari taldearen dianen doinuekin esnatuko dira ere herritarrak. Ohi bezala, mezaren aurretik Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz Txistulari Taldearen kalejira egingo da. Eta mezaren ondoren, udal ordezkarien dantzaurrea, Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta. Jarraian, Zestoako Bandaren kontzertua. Astelehenean bigarren zekorketa egingo da.
Bitartean, Tor magoarekin eta Anariren kontzertuarekin gozatzeko aukera izango da. Zahagi-dantzarien dantzaurrea izango da kalez kale, Itxaropena dantza taldea eta Zestoako Trikitixa taldearen eskutik. Eta gauean Laketekin erromeria.