Zarautz
Mutilen Enbata gaur arratsaldean Kontxako sailkapen estropadan23 traineru lehiatuko dira Donostiako badian zazpi postuetarako eta Asier Puertasen mutilak gozatzera joango dira
Heldu da traineru askorentzako denboraldiko une garrantzitsuena. Donostiako badian gaur arratsaldean gizonezkoen sailkatze estropada lehiatuko da, ondorengo bi igandetan Kontxako bandera eskuratzeko borrokan egon ahal izateko.
Esan bezala askorentzat hil ala biziko estropada izango da gaurkoa, ez ordea Zarautz Arraun Elkarteko Enbatarentzat. Gure mutilek gozatzera joan behar dute Donostiara, ikusi eta ikasi. Baina horrek ez du esan nahi jolastera joango direnik.
Asier Puertas entrenatzaileak garbi dauka gaurko saiorako bere arraunlariei eskatuko diona, «gure ligako ontziekin lehiatzea, sailka-tze kontuak alde batera geratzen dira guretzat eta estropadan gure mailarik onena eman ondoren beste ontziekiko non kokatzen garen ikustea, beti gure mailan ibili diren traineruekin alderatuz. Estropada polit bat egin eta gurekin lehian aritu diren bost edo sei ontzi horien artean ahalik eta gehien atzetik laga».
Aurrerapauso nabarmena eman dutela Enbatako mutilak uzte du Asier Puertas prestatzaileak denboraldi honetan
Ikusiko dugu zer nolako maila ematen duten urdinak Donostiako badian baina garrantzitsua da baita orain arte egindakoaren azterketa egitea. Hori eskatu diogu entrenatzaileari.
«Aurtengo denboraldian aurrea pauso bat eman dugula uzte dut» esan du oriotar prestatzaileak. KAE-1 Ligan seigarren postuan amaitu dute, 102 puntu batu ondoren. Aurreko urteko postu berbera da, seigarrena, baina orduan 96 puntu eskuratu zituzten.
«Uda honetan salto bat eman dugu, dezentea, gora. Sailkapen orokorrean berdin egon arren, aurten goran daudenetik hurbilago amaitu dugu eta atzetik geratu den ontziari aurreko denboraldian bi puntu besterik ez genion atera (ZAE 96 eta Camargo 94) eta aurten 46 puntuko aldearekin bukatu dugu zazpigarrenarekiko (ZAE 102 eta Astillero 56). Gerturago gaude goran ditugun ontziekin eta hori estropadetan ikusi dut», azpimarratzen du Puertasek.
Garbi ikusi da baita «itsasoko estropadetan hobeto moldatu garela, bi bigarren postu lortu genituen Donibane eta Zumaiako saioetan eta beste hirutan laugarren amaitu genuen, Gorliz, Plen-tzia eta Zarautzen».
Aipamen berezia merezi du etxeko estropadak, «oso saio polita egin genuen. Pena izan zen lehenengo ziabogan oso ondo ginoazela engantxatu egin ginen eta arraun bat puskatu genuen. Horrek eragina izan zuen bigarren eta hirugarren luzerako baino beno, amaitu ondo egin genuen, etxeko zaleen aurrean eta horrek asko pozten gaitu, ez baita erraza zaleen aurrean lan ona egitea».
Ibaian emaitza okerragoak izan ditu mutilen Enbatak, «ikusi da ibaian indarra behar denenan arazo gehiago izan ditugula, potentzi aldetik agian baxuago gaude beste batzukin alderatuz eta esan behar Portugaleten bi estropada izan ditugula ibaian eta beste bat Camargoin eta horrek sailkapenean eragina izan du, zorte oso txarra izan genuen estropada horietan. Dena den azkenean bakoitzak merezi duen tokian amaitzen du eta gu seigarrenak izan gara eta pauso bat aurrera eman ondoren gainera».
Albiste pozgarriak ere izan ditugu mutilen ontzitik, Lekeitioko bandera aurredenboraldian eskuratu bai zuten gureak, «beti da pozgarria garaipena lortzea. Egia esan zortea izan genuen gure alde estropada hortan baina besta batzutan aurka izaten da. Denetik gerta daiteke arraun munduan. Garbi geratu zen guk gure lana oso ondo egin genuela gure txandan eta gero etorri zen bandera. Mutikun ere aurredenboraldian estropada polita egin genuen, gogoan dut».
Aurrera begira baikor azaltzen da Puertas, «talde gaztea daukagu eta aurten errepikatzen dut pauso bat eman dutela gora. Taldea, blokea, mantentzen badugu etorkizunera begira zer esana eman dezakegu, lanerako daude eta sailkapeneko bigarren edo hirugarren postu horiak ez daude hain urrun».
Laburpen gisa esan genezake taldeak aurrera eman dituela eman beharreko pausoak eta laster atsedena hartu ondoren gogoz ekingo diotela neguko saioei gero udan emaitzak etortzea nahi badute. Gaur gozatzera.