Zarautz
Musika Eskolako ikasle eta irakasleek Santa Zezilia ospatuko dute gaurA. E.
zarautz.
Asteazkena, 19 azaroa 2025, 20:11
Santa Zezilia ospatuz, Imanol Urbieta Musika eskolako ikasle eta irakasleek gaur arratsaldean musika kalera aterako dute, herritar guztiei eguna ospatzera gonbidatuz. Iragartzen dutenez, Musika Plazako kioskoan 17:00etatik 17:30era, teklatua, biolinak eta txeloak jotzen jardungo dute, kalejirak iritsi arte.
Bi kalejirak 17:30ean abiatuko dira Musika Eskolatik. Lehena, txistu, triki, pandero, gitarra, tailerra eta solfeoko ikasleekin. Musikalean, 'Ikusi mendizaleak', 'Behin betiko 'eta 'Bizitza kantu bat da' joko dituzte eta ibilbidea tren geltokiko lurpeko pasabidea, Amalur Parkea, Paxo Pasabidea, San Frantsizko Kalea, Lege Zaharren Enparantza eta Musika Plaza. Bigarren kalejira, haizeko musika tresnak eta perkusioko ikasleak. Egitarauan, 'Gora euskara' eta 'Agur agur' joko dituzte eta ibilbidea: Zigordi kalea, San Frantzisko kalea, Kale Nagusia eta Musika Plaza, kalejira hau estazioko plazatik abiatuko delarik.
Musika Plazara iristerakoan tailerreko 6 eta 7 urteko ikasleak eta solfeoko ikasleak kioskora igoko dira eta han dauden musika tresnen laguntzarekin abestuko dituzte 'Bizitza kantu bat da', 'Ikusi mendizaleak' eta 'Behin betiko'. Dena bukatu ondoren, bolondresei esker, txokolatea dastatzeko aukera izango da Musika Plaza bertan.
Euria eginez gero kioskoko emanaldia bertan behera geldituko da eta abestiak Musika Eskolako portxean joko dira.