Martxan da Zarauzko Udalak antolatzen duen 39. Basarri bertsopaper saria
Bertso sortak ekainaren 21a arte aurkeztu ahalko dira eta epaimahaiak erabakia uztailaren 4an jakinaraziko du
J. A.
Asteartea, 23 maiatza 2023, 12:49
Zarauzko Udalak 39. Basarri bertsopaper saria martxan jarri du eta 2023ko ekainaren 21a arte aurkeztu ahalko dira bertso sortak kultura@zarautz.eus helbide elektronikora pdf artxiboan bidalita.
Sariketan parte-hartzeko, ondorengo baldintzak beteko dituzte lanek: bertsopaper bakoitzak, gutxienez, zortzi bertso izan behar ditu; gaia librea izango da; bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztuko da; parte hartzaileek gehienez bi lan bidali ditzakete eta lanak originalak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dira.
Jasotako proposamen guztien artean Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Uxue Alkortak osatutako epaimahaiak hautatuko du garailea eta honek 1.530 euro garbi jasoko dituela aurreikusten du lehiaketako oinarriak. Ebazpena, dena ondo bidean, uztailaren 4an jakinaraziko da eta saria Bertso Astean egingo den ekitaldian emango da. Hori bai, oinarriek zehazten duten bezala «aurkeztutako lanek behar adinako mailarik ez balute, saria eman gabe geratuko da».
Ekimenak euskara eta bertsogintza sustatzea du helburu. 1985ean antolatu zen lehena -Pello Esnal izan zen garailea- eta azken ekitaldian, 2022koan, Aner Peritz 'Euzkitze' bertsolari zarauztarra izan zen garailea 'Zopa hozten ari zaizu' bertso sortarekin. Horretaz gain, zerrendan daude Imanol Lazkano (1986, 1994), Joxe Aierbe (1987), Andoni Egaña (1988), Pello Esnal (1989, 1991, 1992, 1995, 1996, 1997, 1999, 2013), Jose Mari Lertxundi (1990), Xabier Mujika (1993), Nikolas Zendoia (1998), Julian Albistur (2000), Xabier Etxeberria (2001), Ekaitz Goikoetxea (2002, 2003, 2015, 2016, 2017, 2019, 2021), Jose Luis Urdangarin (2004), Xabier Etxeberria (2005, 2006), Xabier Azkue (2007), Jon Martin (2008), Iñigo Legorburu (2009), Aitor Albistur (2010), Iñaki Gurrutxaga (2011), Ane Labaka (2012), Alaitz Sarasola (2014). Ibai Esoain (2018) eta Haritz Mujika (2020).