Zarautz
Maila handiko abesbatzak igaro dira azken asteanAurtengo Nazioarteko Ahotsak egitasmoan Letoniano hiru abesbatza, eta Ukrainako eta Japoniako kantariak izan dira udalerrian
Antxon Etxeberria
zarautz.
Asteartea, 4 azaroa 2025, 20:29
Zarautz Abesbatzak Tolosako Ekinbide etxearekin batera eta Udalaren parte-hartzearekin antolatu duen Nazioarteko Ahotsak egitasmoak, aurten ere arrakasta handia izan du, eta bost talde bikainek hartu dute parte Zarautzen. Aipatzekoa da hirugarren emanaldiko taldeak, Letoniako Balsis abesbatzak eta laugarren emanaldikoak, Japoniako Jumecan abesbatzak, eskuratu dituzten sariak: polifonia modalitatean bigarren saria ex-aequo lortu zuten, eta folklore modalitatean Japoniak bigarren eta hirugarren saria Letoniako Balsis taldeak.
Nazioarteko Ahotsak ekimeneko lehen, hirugarren eta bosgarren emanaldietan Letoniar taldeak izan dira. Aurten, letoniar kantari asko etorri dira Tolosako lehiaketan parte hartzera eta Zarautzen hiru talde letoniar bikainak izan ditugu. bigarren eta laugarren emanaldietan, aldiz, ukrainarrak eta japoniarrak.
Zarauzko ekimenari, Letoniako Sola taldeak eman zion hasiera urriaren 21.ean, oso teknika ona erakutsiz, 46 ahotsen arteko afinazio perfektuan eta armoni zaileko kantu kontenporaneoak oso ondo abestuz. Hiru zuzendari ezberdinek jardun zuten taldea zuzentzen eta eskola on bat dutela agerian utzi ziguten.
Polonian gerraren ondorioz bizi diren Ukrainako kantariak bigarren saioan izan genituen; 2023. urtean sortutako 26 gazteren taldea zen. Hain urte gutxi daraman abesbatza izateko oso maila ona erakutsi ziguten.
Hirugarren emanaldiko saioa Letoniako Balsis taldeak eman zuen, teknikoki aurreko talde letoniarraren maila baino baxuagoa erakutsi bazuen ere, oso maila ona azaldu zuten, kantuen interpretazio landuagoa eskainiz.
Laugarren saioan, berriz, Japoniar taldea izan genuen. Ahots kolorean nabaria zen beren sorterria. Oso talde ederra, oso ongi prestatutako lanak eta lan zailak aurkeztu zizkiguten eta saio bikaina entzuteko aukera izan genuen.
Azken emanaldian, pasa den igandean, Letoniako emakumezko 6 ahotsez osatutako Anima Solla kamera abesbatzak emanaldi bikaina eskaini zuen Santa Klaran, gure belarrietarako kantu atseginak, ahots eta afinazio finekin eta oso ondo abestuak.
Urteak joan urteak etorri, zorte handia dugu Tolosako Nazioarteko Abesbatzen lehiaketan parte hartu duten koruak zuzenean entzuteko aukera izateagatik. Zarautzen, guztiek ere txalo gozoak jaso dituzte eta emozio eta esker onez Zarautz Abesbatzako antolatzaileei azaldu diete zein gustura jardun duten gure artean. Gainera, bost abesbatzez gain, suediarrak, alemaniarrak eta Tolosako lehiaketan irabazle izan diren estatu batuetarrak Zarautzen pasa dute astea, azken hauek Hotel Zarautzen ostatu hartuta. Nueva Jerseyko Delawere abesbatzako kideak oso gustora egon dira gure artean, asko gustatu zaiela eta asko disfrutatu dutela zioten.