Zarautz
Dena prest Euskararen Egunerako!Guztira 2.000 ikasle ingurik hartuko dute parte aurtengo ospakizunerako antolaturiko ekintzetan
Zarauzko Udalak jakitera eman du aurtengo Euskararen Egunaren baitan antolaturiko ekimenen programa. Urtero bezala, egitaraua bi zatitan banatzen da: alde batetik, Zarauzko ikastetxeetako ikasleentzat prestaturiko ekintzak eta, bestetik, herritarrentzat zabaldutako egitasmoak.
Guztira, 2.000 ikasle inguruk parte hartuko dute aurtengo Euskararen Egunerako antolaturiko ekintzetan, eta honakoak izango dira: antzerki emanaldiak LHko geletan; beldurrezko ipuinen kontaketa DBHko ikasleentzat; Durangoko Azokara bidaia DBHko ikasleentzat; pegatina eta bideo lehiaketak; Mikel Markez eta Eñaut Elorrietarekin euskal musikagintzaren historiari buruzko saioa eta, Zuhaitz Gurrutxagaren 'Nortasun agiria' antzezlana Batxilergoko ikasleentzat.
Honez gain, esan bezala, herritar ororentzat irekita izango diren ekitaldiak ere izango ditu programa honek: honela, asteburu honetan kirol partidetan euskararen aldeko argazkiak, 'Euskaraz bizi nahi dut' eta 'Zarautzen euskaraz bizi nahi dugu' pankartekin: gaur bertan, Bikote Mistoen Kroseko kamisetetan euskararen aldeko mezua txertatu da: «Egiten duguna gara. Zarautzen kirola euskaraz»; era berean, abenduaren 7an, igandearekin, 18:00etan, Eingo-ren erromeria Musika Plazan.
Pegatina eta bideo lehiaketa
Ohikoa den moduan, Zarauzko ikastetxeetako ikasleek urtero antolatzen den Euskararen Eguneko pegatina eta bideo lehiaketan parte hartu dute. Guztira 211 pegatina eta 13 bideo aurkeztu dira eta ostiral eguerdian ospatu zen sari banaketa ekitaldia udaletxeko Etxezabala aretoan.
Honela, DBH 3 eta 4ko ikasleentzat bideo lehiaketan, lehen Saria Lur Elorrieta Alberdi, Intza Subijana Elola eta Irati Rezabal Garmendiarentzat izan da (Lizardi Institutua), sari gisa 200 euroko txartelarekin Zarauzko dendetan gastatzeko. Bigarren Saria (150 euro) Irati Malo Zuriarrain eta Aiuri Alberdi Ostolazak (Salbatore Mitxelena) jaso zuten eta hirugarren saria Mayling Pichardo Alvarez, Maite Erostarbe Areizaga, Alex Zubielqui Oliveira eta Edu Ruiz Avilez-entzat izan da (Antoniano), hauentzat 100 euro Zarauzko dendetan gastatzeko.
Bestalde, pegatina lehiaketan, hau DBH1 eta DBH2ko ikasleentzat, lehen saria Inge Azpitarte Alkortak (Lizardi Institutua) jaso zuen, 100 euroko txartela Zarauzko dendetan gastatzeko eta aurtengo Euskararen Eguneko karteleko irudia. Bigarren saria (80 euro) Maialen Arizmendi Errasti (La Salle ikastetxea) eraman zuen eta hirugarrena (50 euro), Beñat Eizagirre Urbietarentzat izan da (hau ere La Salle ikastetxekoa).