Zarautz
Antoniano ikastetxeko hiru irakasle Finlandian izan dira Erasmus+ programari eskerA. E.
zarautz.
Astelehena, 17 azaroa 2025, 20:03
Antoniano Ikastetxeko hiru irakasle, etapa ezberdinetako ordezkari gisa, Finlandian izan dira Erasmus+ programak eskaintzen duen job-shadowing esperientzia batean parte hartzeko. Aste osoko egonaldian, haur, lehen eta bigarren hezkuntzako bi ikastetxe ezagutzeko aukera izan zuten, bertako irakasle eta ikasleen egunerokoa hurbiletik bizi ahal izateko.
Bidaiaren helburu nagusia Finlandiako hezkuntza-errealitatea gertutik ezagutzea izan da, baita Antoniano Ikastetxeko praktiken inguruan hausnartu, proiektuak sendotu eta hobekuntzarako ideiak jasotzea ere. Irakasleek aukera izan zuten ikasgelak bisitatzeko, ikasle eta irakasleen arteko harremanak zuzenean ikusteko eta eguneroko dinamika pedagogikoak aztertzeko.
Astean zehar gauzatutako jardueren artean, honako hauek izan ziren nabarmenenak: Ikasgelen behaketa: haur, lehen eta bigarren hezkuntzako saioetan parte hartu zuten, ikasketa-prozesuak eta metodologia desberdinak gertutik ezagutuz.
Bestetik, irakasle eta langileekin elkarrizketak: hausnarketa-saioetan parte hartu zuten, bi herrialdeen hezkuntza-ikuspegiak alderatu eta esperientziak partekatzeko. Baita ere, euskal kultura eta hezkuntza aurkeztea: Antoniano Ikastetxea eta Zarauzko herria aurkeztu zizkieten hango ikasle eta irakasleei, Euskal Herriko kulturaren inguruko solasaldi aberasgarriak sortuz.
Esperientziatik bueltan, irakasleek azpimarratu dute Finlandiako ikastetxeetan sumatutako lasaitasuna eta irakasleen arteko konfiantza berezia. Haien hitzetan, ikusitakoak baieztatu du Antoniano Ikastetxea norabide onean doala eta egindako lanarekin jarraitzeko bultzada eman die. Antoniano Ikastetxeak Erasmus+ programaren bidez halako esperientziak bultzatzen jarraituko du, ikasle eta irakasleen hazkunde pertsonala zein profesionala indartu eta ikastetxearen etengabeko hobekuntza bermatzeko helburuarekin.