Amenabar Zarautz talde geldiezina bihurtu da partida denak irabazita
Hamaika norgehiagoka eta beste horrenbeste garaipen lortu ditu Kapaxkoren taldeak
Juan Mari Zubiaurre
ZARAUTZ.
Asteazkena, 26 azaroa 2025, 19:57
Geldiezinak bihurtu dira. Asteburu honetan Mikel Agirrezabalagaren mutilek hamaikagarren partida irabazi zuten Aritzbatalden, Lehen Mailan jokatu diren norgehiagoka denak.
Amenabar Zarautz taldeak denboraldi ikusgarria darama. Hasiera batean ikusi beharra zegoen nondik nora joango zen ligako bilakaera. Partidak irabazten joan dira eta dagoeneko hamaika garaipen jarraian lortu dituzte, jokatutako denak.
Hau ez da kasualitate hutsa, garbi dago oso talde indartsua dela Amenabar Zarautz eta maila honetan onenak direla oraingoz C Multzoari dagokionez.
Larunbat arratsaldean jokatu zuten zarauztarrek Uharte talde nafarraren aurka. Sailkapeneko behealdean dagoen taldea baina beti arriskutsua. Lehen zatiaren hasierak erakutsi zuen nafarrek zerbait lortu nahi zutela Zarautzera egindako bidaian, ezer galtzerik ez eta horrek beti egiten du talde bat arriskutsua. Parekatuak izan ziren lehenengo minutuak eta 8nakoa izan zen hamabigarren minutuan markagailuak erakusten zuen berdinketa.
Hortik aurrera neurria hartu eta zuloa irekiz joan ziren Amenabarreko jokalariak. Atsedenaldira heldu zirenerako, abantaila handia zen, bederatzi golekoa, 24-15. Ikusi besterik ez dago zein nolako jarrera erakutsi zuten zarauztarrek aurkariaren ate aurrean, erasokor, beste partida askotan 24 gol amaieran lortzen dituzte talde batzeuk eta asteburu honetan hiru taldek kopuru hori edo gutxiago lortu zituzten amaieran.
Bigarren zatian lasaiago jokatzeko moduan izan ziren etxekoak eta azken emaitza hamar golen aldekoa izan zen, 40-30. Aimar Unanue izan zen golegile onena 8 sartuta baina aipagarria da partida honetan 13 jokalari izan zirela gol bat edo beste egiteko moduan izan zirenak, ikusgarria benetan.
Igande goizean Hondarribian jokatuko dute hurrengo jardunaldiko norgehiagoka.
Beristain min hartuta
Larunbateko partidan hutsune nabarmen bat izan zen lesio baten ondorioz. Mikel Beristainek, taldeko kapitainak, Akilesen tendoia hautsi zuen pasa den ostiraleko entrenamenduan, eta asteartean egin zioten ebakuntza Poliklinikan. Orain hilabete batzuk pasatu beharko ditu jokatu gabe. Taldekideek eta zalee indarra bidali nahi diote kapitainari ahalik eta bizkorren osatu eta berriz, kantxan ikusteko gogoz bai daude denak. Eutsi Berix.