Usurbil
Txalaparta festako bazkarian izena emateko azken eguna da igande honetanUrriaren 18rako, larunbatez, prestatu dute egun osoko egitaraua Jexux Artze Kultur Elkarteak eta 650 Usurbil Bizi egitasmoak
Eli Aizpuru
usurbil.
Ostirala, 10 urria 2025, 20:12
Txalaparta Festa urriaren 18an ospatuko da Usurbilgo kaxkoan, Jexux Artze Kultur Elkarteak eta 650 Usurbil Bizi egitasmoak elkarlanean antolatuta. Egitaraua eguerditik iluntzera arte izango da adin guztietarako jarduerekin eta tartean bazkaria ere izango da. Herritarrek parte hartu ahal izango dute bazkarian; izen-emateko azken eguna, bihar da eta Saizar Sagardotegiko txartelak igandera arte erosi ahal izango dira.
Helduen menua 46 euroan eskuratu daiteke Usurbil Kultura plataformaren bidez, eta umeentzako menua erreserbatzeko mezu elektroniko bat bidali behar da usurbiltxalaparta@ gmail.com helbidera; ordainketa egunean bertan egingo da (21 euro).
Jexux Artze Kultur Elkarteak lehen Txalaparta Festa antolatu zuen 2022an, Artzeren heriotzaren 20. urteurrenaren harira, eta iaz bezala, aurten ere 650 Usurbil Bizirekin elkarlanean prestatu dute egitaraua. Txalaparta jotzeko hainbat moduz gozatzeko aukera izango da, herriko zein herritik kanpoko txalapartarien eskutik.
Egitaraua
Eguna herri erromeriarekin hasiko da, goizeko 11:45ean Mikel Laboa plazan (euria bada, Askatasuna plazan). Bertan, adar deia, albokariak, txalaparta irekia eta ikasleen emanaldia izango dira eta txorizo eta sagardo banaketa egongo da. 14:00etan albokariekin ibilaldia egingo da kaxkotik Saizar sagardotegira, eta 14:30ean bazkaria izango da bertan, txalaparta irekiarekin.
Arratsaldean, 18:30ean hasita, Malkoak TX eta Talka taldeen kontzertuak herrian zehar egingo dira, Artzabalgo plazatik hasita. Iluntzeko 20:00etan emango zaio amaiera eguneko ekitaldiei. Juan Mari Beltran laukotearen kontzertuarekin amaituko da eguna, frontoian.