Soinurbil Musika Astearen baitan ekimen ugari izango dira datozen egunetan
JOSU ARANBERRI
Usurbil.
Asteazkena, 16 martxoa 2022, 23:15
Zumarte Musika Es-kolak antolatuta Soinurbil Musika Astea ospatzen ari da egun hauetan Usurbilen. Urteak pasa dira herriko musika eskola ekimen hau antolatzen hasi zenetik eta pandemiaren ondorioz 2020an kale egin bazuen ere, iaz bezala, aurten ere musika da protagonista herrian aste honetan zehar.
Asteartean 'Lalala' familia kontzertua izan zen eta atzo, Urnietako Musika Eskolako ikasleak izan ziren Sutegin kontzertua eskaini zutenak. Gaur arratsaldean, berriz, kale ekimena izango da. Arratsaldeko 18:30ean hasita, Turukutupa konpainiaren 'Reziklantes' ikuskizuna izango da herriko kaleetan zehar. Ikuskizun hau kalean egiten da, bikote gisa. Kontzertu ibiltari honetan musika estilo ugari jotzen dituzte: perkusio afrikarra eta latinoa, hip-hopa eta Iberiar Penintsulako musika. Soinu-euskarria akustikoa da, jatorria birziklatu eta berrerabilitako materiala da. Hondakinak proiektu eszenikorako baliabide dituzte, ingurumenarekiko begiramena lantzeko.
Hondakinei balioa
Turukutupa konpainia 2006. urtean Gasteizen sortua da. Hondakinei balioa ematen dieten artista akustiko eta plastikoak dira, eta ingurumena arte eta kontzientziazio-proiektu baterako baliabide gisa erabiltzen dute. Hondakin-materialak berreskuratu eta birziklatuta, proposamen artistiko bihurtzen dituzte, hala nola, musika-tresna, eszenografia edota atrezzoa. Bi jarduera-ildo garatzen dituzte: batetik, arte eszenikoak eta, bestetik, ingurumen-heziketa. Urte guzti hauetan Espainiako hainbat antzerki- eta musika-jaialditan zein ingurumenarekin lotutako hainbat ekitalditan aritu dira Sergio López de Landache eta Víctor García de la Torre musikariak.
Bihar ere ez da kale musikarik faltako. 19:30etik aurrera Rockalean ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Rockaleanekoek, 1.000 Anpereko soinu-potentzia baino gehiago duen gurdiaren laguntzari esker, oholtza gaineko taldeak iristen ez diren lekuetara heltzeko aukera dute. Ikuskizunetan izaten den hesi ikusezin hori haustea da beraien intentzioa.