Orio
Udalak urratsak egin ditu herri zaintzaile bateranzko bideanAbendutik martxorako programazioa aurkeztu berri du, zaitza ikuspegi zabal eta komunitariotik lantzeko helburuarekin
Antxon Etxeberria
ORIO.
Asteartea, 2 abendua 2025, 20:19
Orioko Udalak 2023an abiatu zuen herriko zaintzaren inguruko azterketa eta lanketa prozesua. 2024ko martxoan Zaintzak Plazara ekimenarekin eman zion hasiera zaintzaren inguruko gogoeta eta sentsibilizazio-prozesuari. Ondoren, zaintzarekin lotutako herriko eragileekin, elkarteekin eta herritarrekin bilera eta lansaio ugari antolatu zituen, eta horri esker, urte bukaeran Orioko Zaintzaren Diagnostikoa aurkeztu zuen.
Ordutik, herriko zaintza sistema eraldatzeko gidalerroak finkatu ditu, eragileekin elkarlana sendotu du, eta herritarren parte-hartzea ardatz duen bide-orria finkatu du; eta orain, abendutik martxora luzatuko den Zaintzak Plazara gogoeta saioak antolatuko ditu.
Hitzordu desberdinak
Jarduerek helburu argia dute: zaintza ikuspegi zabal eta komunitariotik lantzea, eta herritar guztien hausnarketa bultzatzea. Hau izango da egitaraua– abenduak 12, ostirala, Esne Berriketan bertso-saio literarioa. Uxue Alberdi eta Amorante. Bertsotan: Miren Artetxe eta Maider Arregi. Kultur Etxean izango da, 19:00etan. Sarrerak turismo-bulegoan eta Saregilen izango dira eskuragai gaurtik aurrera.
Ondoren, urtarrilak 12, 19, 26 eta Otsailak 2an, 'Hitz egin dezagun gure zaintzaz' saioak, Olaia Aranaren eskutik. Besteak beste, zaintza pertsonalen, medikuen, administratiboen eta ekonomikoen inguruan gogoeta egiteko espazioak izango dira, eta aurrez izena eman beharko da. Saioak Kultur Etxean egingo dira, 17:30ean.
Jarraian, otsailak 24an, asteartea, 18:00etam, Saregilen, 'Zahartzeko manerak euskal literaturan'. Arantxa Urretabizkaia, Yolanda Arrieta eta Mari Luz Estebanek hartuko dute parte eta dinamizatzaile lanetan Iratxe Retolaza arituko da. Azkenik, martxoak 12an, 'Jone, batzuetan' filmaren proiekzioa, 19:00etan, kultur etxean.
Herritarrei parte hartzera animatzen zaizue.