Orio
Udalak bat egin du Euskararen Nazioarteko EgunarekinAntxon Etxeberria
orio.
Asteazkena, 3 abendua 2025, 20:28
Orioko Udalak bat egin du, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, EUDELek, UEMAk eta beste hainbat erakundek plazaratutako testu bateratuarekin. Onartutako adierazpenak zera dio: «Euskarak bide luzea egin du. Luzeena, agian, Europa zaharrean. Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau, hazi eta berritzen ari da. Zein da sekretua? Zein indar, zein ilusio izan da gure hizkuntza gaur arte ekarri duena? Milaka urte, milaka pertsona, milaka amets eta ahalegin. Norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi, gure hizkuntza zaharra gazte bihurtu du. Asko dugu egiteko, badugu zer hobetu. Eta prest gaude! Euskaraz dakiten eta oraindik ez dakitenekin batera. Elkarrekin egiteko».
Aldi berean, adierazpenak eskerrik beroena ematen dio urte luzez euskara bizi, euskaraz bizi eta biziarazi dutenei. «Zuen lan isilak ekarri gaitu honaino, eta etorkizunak oraindik ere zuen beharra du. Pozetik, atxikimendutik, ilusioz eta emozio positiboetatik abiatuta, euskarari distira emateko. Eta euskara guztion hizkuntza bihurtzeko. Euskara da! Guztiontzat da».
Adierazpenaren hitzetan, «euskara ezagutzen ez dutenentzat ere, ate berri bat da. Batzen gaituen hizkuntza bat.Elkar uler-tzeko gonbidapen bat. Mundu berri bat irekitzen zaio euskarari. Eta euskararekin, edonori. Ate berriak zabaldu eta lur zoru berriak landuko ditugu, denon artean. Hazi emankorragoak ditugu lur berria ereiteko».
Amaitu aurretik, zera dio adirazpenak: «Atzeak erakuts diezagula aurrea nola dantzatu. Norberetik hasita egingo dugu bidea. Guztion baitan baitago euskararen jauzia. Zugan, nigan, gugan».