Orio
Parrilla Festa asteburu osoan, egitarau zabalarekinIrekiera ofiziala ostiral arratsaldean egingo da, pintxo-pote bereziarekin
Irailean zehar, hiru ostegunetan, 'Arrantza eta Gastronomia' izeneko hitzaldi-zikloa burutu ondoren, arrantzaleen jardunaren nondik norakoak azalduz, asteburu honetan Parrilla Festa ospatuko da Orion. Eta hasteko, festaren egitarauaren barruan, haurrei zuzendutako 'Izan arrantzale' ikastaroa egingo da ostiral honetan 17:00etan moilan, Kofradia Itsas Etxeak antolatuta. Arrantzale gisa lehen urratsak egiteko aukera paregabea izango dute gazteek. Parte hartzeko ez da aurrez izena eman behar, eta materialak ere antolakuntzak jarriko ditu.
Festaren irekiera ofiziala 18:00etan egingo da, parrillen piztuerarekin. Jarraian, pintxo-pote berezi bat izango da herriko plazan: herriko parrilleroak arraina erretzen ariko dira, eta talde txikitan, herritarrei azaldu eta erakutsiko diete arraina nola erretzen duten, pintxo-potearen aurretik. Egunean bertan lonjatik ekarritako arrainak izango dira. Pintxo-potean aurrez erositako txartela erakutsi beharko da eta txartel bakoitzarekin arrain bi pintxo, gilda bat eta txakolina probatzeko aukera izango du pertsona bakoitzak; 100 bat lagunentzako saioa izango da, bi txandatan banatuta.
Larunbatean, 11:00etatik aurrera, ate irekiak egingo dituzte Mutiozabalen. Haurrentzako tailerrak izango dira, baina helduek ere izango dute ontziola bisitatzeko aukera.
Otordua 200 lagunentzat
Ondoren, 13:30ean, Herriko Plaza elkarte gastronomiko erraldoi bilakatuko da, eta 200 bat lagunek izango dute otordua egiteko aukera. Bazkari berezia izango da: lehen platerak, postrea eta edaria egongo dira menuaren barruan, baina arraina erabiltzaile bakoitzak eraman beharko du, baldintza batekin: Orioko arraindegi batean erositako arraina izan beharko du (erosketa txartela konprobatuko da). Bazkaria hiru txandatan antolatuko da, eta talde bakoitzak zein txandatan bazkaldu nahi duen ere zehaztu beharko du. Aukera paregabea izango da herriko parrilleroen teknikak ezagutzeko eta haien esperientziatik ikasteko. Eguna bukatzeko, Iratz eta Imanol Urkizuk emanaldia eskainiko dute arratsaldean plazan.
Igandean, azkenik, Hegaluze Eguna ospatuko da. Ohiko marmitakoa prestatuko du Aldapa elkarteak 14:00etatik aurrera. Aurten, ordea, mahaiak jarriko dira plazan, eta Orioko taberna batzuk errazioak prestatuko dituzte; horrela, marmitakoa herriko plazan bertan jateko eta herri bazkari gisakoa egiteko aukera izango da. Horren aurretik, dena den, herrian hain zabalduta dagoen atuna enbotatzeko ohiturari egingo zaio tartea. Divina Lanbarrik hegaluzea enbotatzen erakutsiko du zuzenean, eta gerturatzen den edonork izango du aukera ikasteko.