Orio
Mattin Iñiguez zegamarra gailendu da XContest Euskadi 2025 parapente txapelketanOrioko lurreratze berrian ospatu da aurten parapentean egindako hegaldi onenak aitortzen dituen sari banaketa
Antxon Etxeberria
Orio.
Asteartea, 18 azaroa 2025
Azaroko hego haize bolada luze eta epelaren amaierarekin bat, 2025eko Euskadiko XContest parapente txapelketako sari banaketa ospatu zen igandean. Ekitaldirako leku berezia aukeratu zuten: Orioko lurreratze eremu berria, Oria ibaiaren eta kirol portuaren ondoan.
Sari banaketa honek aurtengo parapente denboraldi osoan egindako hegaldiak aitortzen ditu. Zehazki, lehiaketaak parte-har-tzaile bakoitzak urtean zehar egindako sei hegaldi luzeenak hartzen ditu kontuan. Baldintza gisa, sei hegaldi horietatik lau, gutxienez, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroatik aireratuak izan behar dira (probintzia bakoitzeko onena kontuan hartuz), eta gainontzeko biak lau lurraldeetako edozein aireratze izan daitezke.
Sailkapen orokorrean, Mattin Iñiguez zegamarra izan da garaile nagusia. Iñiguezek 2025eko Red Bull X-Alps lehiaketa gogorrean parte hartu du aurten, eta kontatu duenez, lehiaketa horretarako entrenamendu gogorren emaitza izan da, beste hamaika hegaldiren artean, Aizkorri iparraldera egindako hegaldi ikusgarri bezain gogoangarria.
Bigarren postuan Iñigo Gabiria bizkaitarra sailkatu da aurten. Hirugarren postua, berriz, Aner Etxezabal azpeitiarrak eskuratu du.
Bertaratutakoek piloto sarituen ahotik entzun ahal izan dituzte urteko anekdotarik onenak. Gabiriak «izurik ez, baina momentu izugarriak» bizi izan dituela aitortu zuen. Etxezabalek, bere aldetik, Endoiatik aireratu eta Ernio zein Pagoetatik barrena egindako hegaldiaren zailtasunak azaldu zituen, baita Iñiguezekin batera X-Alps proba prestatzen elurretan izandako aireratze konplikatuak ere.
Ekitaldia antolatzaileek eskainitako mokadutxo batekin amaitu zen, non pilotoek eta zaleek hegaldien trukotxoak eta momentu gogoangarrienak elkarbanatu zituzten.
Ez dira zenbaki makalak, inondik inora, lehen hiru postuen estatistika zenbakiak. Jon Arruti 'Tuti' zarauztarra da Euskal Aire Kirol Federazioko lehendakaria eta jakinarazten digunez, «hiruren artean 700 ordutik gora pasa dituzte hegan 2025 honetan, horien erdiak Mattinek».
Gainerako irabazleak
Euskadiko Aire Kirol Federazioak antolatutako sari banaketan, hauek izan dira gainontzeko kategorietako irabazleak: Klubik onena: Sakanako BAIZA kluba; Tandem (biplaza): Ander Lasa (Nerea bikotekidearekin); Klub kategoria: Zigor Diaz eta, Sport kategoria: Iñigo Gabiria.
Antolatzaileek Orioko Udalari eta bertako Orioko Turismo sailari eskerrik beroena adierazi nahi diete ekitaldi hau antola-tzeko eskainitako laguntza eta erraztasun guztiengatik.
Kirol gutxitua da, alegia, ez daude federatu asko parapente munduan, baina Orio eta Zarautz bezalako herrietan presentzia handia du; gainera, Orioko lurreratze berria oso ondo hartu dute.