Orio
Hegaluzea enbotatzeko saioa eta marmitakoa, Parrilla FestanParrilla Festaren hirugarren eta azken egunean
Ostiralean zabaldu zen Parrilla Festako azken eguna izango da da igandekoa. Hiru egunez, Orioko itsas tradizioa eta ondarearen transmisioa ospatzen ari dira, festa herrikoi eta parte-hartzailean. Orain arte, pintxo-pote gastronomikoak eta larunbateko bazkariak izan dute protagonismo nagusia, baina azken egun honetan Hegaluze Eguna ospatuko da, eta jarduera mamitsuak izango dira plazan.
Eguerdian, hegaluzea enbotatzeko erakustaldia egingo da; 12:00etan hasita, bi herritarrek hegaluzea nola enbotatzen den erakutsiko dute zuzenean. Nieves Arruti eta Jose Mari Gozategi igoko dira oholtzara, eta ikus-entzuleek zuzenean ikusiko dute arrainaren prestaketa prozesua eta haien teknikak. Saio irekia izango da, eta ez da beharrezkoa zeregin horretan ezagutza izatea, hegaluzea enbotatzen ikasteko gogoa baizik.
Jarraian, 14:00etatik aurrera Herriko Plazan, Aldapa elkarteak marmitakoa eskainiko du eta herriko tabernek beren pintxoak. Errazioak 3 euroan eskuratu ahal izango dira momentuan bertan, eta otordua plazan egiteko mahaiak eta aulkiak izango dira. Herriko tabernek postua izango dute plazan bertan, eta haiek prestatutako pintxoak eta errazioak dastatu ahalko dira. Udalaren helburua da marmitakoa herri bazkari bihurtzea. Edateko sargardo txotxa ere eskainiko da.
Larunbateko bazkaria ere ederki joan zen, herriko plaza elkarte gastronomiko handia bihurtu zelarik, 200 herritar ingururen parte hartzearekin (koadrilak, familiak ...), hiru turnotan banaturik. Parte hartu zuten herritarrek, arraiak erretzen eta prestatzen, herriko parrilleroen laguntza jaso zuten, beraiengandik aholkuak jaso eta arraiak prestatzen ikasteko aukerarekin.