Orio
Goiko Kaleko irisgarritasuna hobetzeko proposamena aurkezteko bileraUdalak deia egiten du gaur arrasaldeko 19:00etan kultur etxean izango den bilera irekira
Orioko Udalaren erronka estrategikoetako bat da herrian mugikortasun jasangarria sustatzea. Helburu horren baitan, Goiko Kaleko irisgarritasuna hobetu nahi du Udalak eta, horretarako, proposamen bat egitea eskatu die Self Office eta Assut Studio arkitektura-bulegoei. Proposamen hori herritarrei aurkeztuko die gaur arratsaldean, kultur etxean.
Daukan kokapen geografikoagatik, Goiko Kalera iristeko, aldapak eta eskailerak pasatu behar dira. Herriaren ardatz historikoa da, landa-eremua eta errioko eremua konektatzen baititu. Almirante Oa kaleko eskailerak eta San Nikolas Kaleko aldapa dira auzora igotzeko oinezko sarbide nagusiak.
Bi igogailu
Azken urteotan, Goiko Kaleko espazio nagusien irisgarritasuna hobetzeko neurriak hartu ditu Udalak, esaterako, kultur etxearen atzeko aldean jarritako erabilera publikoko igogailua (24 orduz zabalik) eta Elizako eraikinaren barruan dagoen igogailua (egunez bakarrik martxan).
Baina eremu horren desnibela kontuan hartuta eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko, neurri osagarriak hartzeko beharra ikusi zuen Udalak, eta arkitektura-bulegoei zuzendutako lehiaketa bat antolatu zuen, proposamenak jasotzeko, baina, talde bakarra aurkeztu zen deialdira. Eremua aztertzeko egin zuten lanketa ikusirik, talde horri eskatu zitzaion proposamenak aztertzeko eta zenbait alternatiba lantzen dituen txostena osatu dute.
Proposamenaren aurkezpena
Bi arkitektura-bulegoek elkarlanean landu dute gaia eta, besteak beste, igogailu berri bat eta beste aparkaleku bat jartzeko proposamena planteatu dute. Era berean, Goiko Kaleko trafiko-fluxua ere landu dute. Proposamenaren nondik norakoak herritarrei aurkeztu nahi dizkie Udalak orain, jendearen iritzia jasotzeko, eta horretarako deitu du bilera irekia.
Bilera, esan bezala, gaur arratsaldean egingo da, 19:00etan, kultur etxean. Auzoko bizilagunek ez ezik, gaian interesa duten herritar guztiek parte hartu dezakete.