Orio
Gehiago ezin eska daiteke, denboraldi borobilaErrekor berria ezarri du Orioko traineruak, Eusko Label Ligako 16 garaipenekin
Bukatu da Eusko Label Ligako txapelketa eta Orioko traineruak emaitza ezin hobea lortu du: garaile eta, gainera, marka eginda. Historian inoiz irabazi den bandera kopuru handienarekin, guztira 16, Urdaibaiek zuen errekorra (14 bandera), gaindituz: Bilbo, Sestao, Zierbena, Orio, Getxo, Castro, Hondarribia, Pobra do Caramiñal, Boiro, Zarautz, Ondarroa, Bueu, Ares, Bermeo eta Portugalete izan dira Orio Orialkiren erakustaldian, errio nahiz itsasoan.
Iker Zabalaren mutilek 234 punturekin irabazi dute Liga, Zierbena baina 34 puntu gehiagorekin (200); hirugarren Donostiarra izan da (184), laugarren Urdaibai (175)... Lau estropada bakarrik ihesi zaizkie oriotarrei denboraldian zehar: Donostian (3. postua), Pasai Donibanen (2.), Lekeition (2. ) eta Getarian (3.). Beste guztiak, garaipenak. Izugarria.
Karelan ospakizun ederra
Orain bi igande, Kontxa irabazitako ospakizunik bezalakorik ez dago, baina igande arratsaldean Karela kiroldegian arraunlari, entrenatzaile, direktiba eta zaletuek ederki ospatu zuten, denboraldian zehar lortutako bandera guztiekin.
Orio Orialkiren gizonezkoen lehen traineruak guztira Ligan irabazitako estropadaz gain, aurre denboraldian hiru estropadetan nagusitu zen. Gipuzkoa, Euskal Herrikoa eta Espainiako txapelketak ere bereganatu ditu. Nola ez, Kontxako Bandera eta Eusko Label Ligako Koroa ere igandean jaso zuen, Portugaleten.
ACT-ko (Euskolabel+Euskotren) estropada irabazle rankinean, Orio jarri da aurrena, gizonak 68 garaipenekin eta beste 46 emakumeenak, guztira 114 garaipen. Orio da orainartean gizon-emakumetan Liga irabazi duen elkarte bakarra.
Hemendik aurrera, atseden garaia eta merezitakoa gainera arraunlarientzat. Hori bai, afari eta ospakizunik ez zaizkie faltako, datozen asteak izango baitituzte gozatzeko eta uda osoan egin ez dutena egiteko, alegia, entrenamendu eta estropadak alde batera utzi eta buruari eta gorputzari atsedena eman.
Zuzendaritzako kideentzat, berriz, ez dago atsedenerako denborarik. Jon Olasagasti eta bere taldekideak pozaren pozez daude, baina aurrerantzean haur eta gazteekin jarriko dira buru-belarri; Patxi Francesen ordezkoa nor jartzen duten emakumeen entrenatzaile erabaki beharko dute; emakumeen eta gizonezkoen taldeak sendotu... Zorionak ere zuzendaritzari egindako lanarengatik.