Borrar

Orio

'Errio' dokumentala Berlinen emango dute asteburu honetan

Bilbao Mendi Film Festivalean berriz, abenduan eskainiko da

Antxon Etxeberria

ORIO.

Osteguna, 13 azaroa 2025, 20:15

Comenta

Orioko Udalak ekoitzitako 'Errio' dokumentala ari da bere bidea egiten. Oria ibaiko itsas ondarea balioan jartzeko helburuarekin sortu zuen Udalak ikus-en-tzunezkoa, eta herrian bertan hainbat ikustaldi antolatu ondoren, herriz-herri eta nazioarteko jaialdietan aurkeztu da iazko irailaz geroztik.

Gipuzkoako herri askok partekatzen dute ondare hori. Izan ere, garai horretan lurralde osoa zegoen itsasoari begira, eta lehorreko zonalde askotako basogintzarik eta beste sektorerik gabe ezin izango litzateke errioaren ertzetan sortu zen ontzigintza industria oparoa garatu.

Urriaren 24ean Berastegin eman zen ikus-entzunezkoa, herri horretako Udalak eskatuta. Solasaldian Ibon Gaztañazpi zuzendaria eta Anuska Esnal alkatea egon ziren. Nazioartetik ere eskatu dute filma proiektatzea. Izan ere, Berlingo Euskal Etxeak urtero antolatzen du Berlingo Zinemaldia, urteko euskal filmekin. Aurtengoa ekitaldiaren bosgarren edizioa izango da, eta hiru lan eskainiko dituzte: Oier Plaza Gartziaren 'Popel', gaur ostiralean; Asier Urbietaren 'Faisanen irla', bihar eta, Oria ibaiko itsas ondareari buruzko 'Errio', igandean. Emanaldiak Kino Moviemento zine areto enblematikoan egingo dituzte, eta igandean Gaztañazpi bera Berlinen izango da, filma aurkezteko.

Berlindik Igeldora egingo du bidea dokumentalak, eta hango Herri Kontseiluak eskatuta, proiekzioa egingo dute azaroaren 21ean, larunbata. Emanaldia iluntzeko 19:30ean dago aurreikusita, eta aukera polita izango da filma oraindik ikusteko aukerarik izan ez duten herritarrentzat.

Urteko emanaldi birari amaiera ezin hobea emango dio dokumentalak Bilbon, abenduaren 11n Bilbao Mendi Film Festivalen proiektatuko baitute ikus-entzunezkoa. Mendiko zinema oinarri duen jaialdi entzutetsuak ingurumenarekin eta ondarearekin lotutako proiektuei ere egiten die tartea urtero, eta 'Errio' bertan emateko hautatua izan da, Sail Nagusian. Proiekzioa abenduaren 11n izango da, osteguna, arratsaldeko 17:30ean Euskalduna Jauregian, eta sarrerak eskuragai daude jada jaialdiaren webgunean, 6 euroan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Errio' dokumentala Berlinen emango dute asteburu honetan