Orio
2024ko Euskaraz Gazte literatur lehiaketaren deialdia egin du UdalakLanak aurkezteko epea azaroaren 15a bitartean zabalik dago
El Diario Vasco
orio.
Asteartea, 15 urria 2024, 20:02
Udalak urtero antolatzen duen Euskaraz Gazte literatur lehiaketak 31. edizioa du aurtengoa. Lanak aurkezteko epea zabalik egongo da azaroaren 15a arte. Betiko moduan, 16 urtetik gorako edozein oriotar edo aiarrek parte hartu dezake lehiaketan, oinarrietan zehaztutakoaren arabera.
Oinarriek dioten bezala, Euskaraz Gazte literatur lehiaketaren helburua idazteko zaletasuna suspertzea da Orioko eta Aiako jendearen artean; lehiaketara aurkezten diren lanak euskaraz idatziak izango dira; lanak jatorrizkoak eta inon argitaratu gabeak; lehiaketan parte hartzeko, oriotarra edo aiarra izan behar da edo, bestela, Orion edo Aian bizi, eta 16 urte beteta eduki behar dira; lanen luzera librea izango da eta epaimahaiak saritzeko orduan gaiaren gertutasuna baloratuko du.
Ipuina eta bertsoa
Lehiaketak bi atal izango ditu, ipuina eta bertsoa (edo olerkia) eta, gai aldetik, esan bezala, bakoitzak nahi duen gaia erabili dezake idazterako orduan.
Lanak, onartua izateko, titulua besterik ez du izango agerian, idazlearen izena ezin izango delarik inon aipatu. Lanarekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztu beharko da, barruan egilearen datuak jasoko dituena eta kanpoan bere lanaren titulua besterik agertuko ez duena. Pertsona batek ezin dezake sari bat baino gehiago jaso atal bakoitzean. Sariei dagokionez, ipuin zein bertso ataletan, lehen saria 300 eurotakoa izango da, 200 euro bigarrenentzat eta 100 euro hirugarrenentzat.
Era berean, bi accesit banatuko dira, bakoitza 100 eurotakoa. Epaimahaia Orioko Udaleko euskara-teknikariak, Aiako kultur teknikariak eta oraindik izendatu gabeko beste pertsona batek osatuko dute. Hori bai, epaimahaiak hutsik utzi ditzake sariak.
Lanak Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuan edo Aiako kultur etxean aurkeztu daitezke, azaroaren 15a izango delarik horretarako azken eguna. Antolatzaileek berea izango dute saritutako lanak argitaratzeko eskubidea.
Gainontzeko lanak itzuli egingo zaizkio eskatzen dituenari.