Getaria
Udalak urte amaiera bitarteko ekintza zerrenda kaleratu duUrteko azken bi hilabeteetarako agenda zabala izango da
Juan Mari Zubiaurre
GETARIA.
Larunbata, 8 azaroa 2025, 20:18
Plazaratu du dagoeneko Udaleko Kultura sailak urte amaiera bitartean herrian izango den agenda. Denetik topa daiteke, baina egitasmo batzuk arrakasta berezia izaten dute eta dagoeneko sarrerak agortuta daude. Egoera horretan dago, adibidez, datorren igandean, azaroaren 16an, Iturzaeta Aretoan arratsaldeko 18:30ean egingo den bakarrizketa Aitziber Garmendiaren eskutik. 'Zer da ligatzea XXI. mendean?' izenburua daraman gaia jorratzen.
Aste honetan jarri dira sarrerak salgai eta dagoeneko turismo bulegoak denak agortu direla jakinarazi du.
Beste izen ezagun bat iragartzen da egitarau zabalean, Maialen Lujanbio. Bertsolaria Getarian izango da azaroaren 23an, igandea, eta 'RR_6 eRRe(AH)ala' hitzen performance-a eskainiko du, Berdura Plazan.
Hitz esanak eta kantatuak, ahozkoak eta idatziak, ikusteko eta entzutekoak. 'RR' emanaldiak, lengoaia du lehengaia, eta hura oretzen eta maneiatzen du forma desberdinetan garaiko gaiez jarduteko. Maialen Lujanbioren eztarritik, errezitaldi poetiko-bertso-performatibo-irakurri ikus-entzutekoa da 'RR'.
Sarrerak datorren asteartean, azaroaren 11n, jarriko dira salgai 3 euroren truke turismo bulegoan.
Azaroko beste egitasmo batzuk aipatuz, asteartean San Martin eguna ospatuko dute Askizun. 10:00etan Goiz Eresia Gazte Alaiak txistulariekin eta 11:00etan mez nagusia izango da. Ondoren, txakolin dastaketa eta elkartearen zozketa egingo dute.
Azaroaren 13an, datorren ostegunean. mikroipuinak idazten ikasteko tailerra egingo dute, Idoia Torregarai Martijaeran eskutik. Helduentzako zuzendua egongo da (+16) 18:00etan, liburutegian. Izen-ematea, liburutegian bertan egin daiteke, emailez liburutegia@getaria.eus helbidean edo 943 89 61 47 telefono-zenbakian.
Azaroaren 14an, berriz, ostirala, Kepa Iribarren azken eleberriaren aurkezpena egingo dute'Erleen azken ziztada' izenburua daramana. 18:30ean Zarautz Jauregian.