Getaria
Keta Babyauto indartsu dabil liga hasieran Arrasaten 0-6 irabazitaAreto futboleko taldeak ere garaipen garbia lortu zuen 7-3 Altzaren aurka
Juan Mari Zubiaurre
GETARIA.
Osteguna, 23 urria 2025, 20:17
Indartsu ekin dio Gorengoen Mailan Keta Babyauto futbol taldeak denboraldiari. Azaken jardunaldian 0 eta 6 nagusitu ziren Arrasateko Mojategi zelaian Mondragon B taldearen aurka.
Lehen laurdena bete aurretik, Ximon Arangurenek anaia Kepari egindako falta bat maisutasunez sareetara bidali zuen jaurtiketa bikain batekin. 26. minutuan Ximoni falta garbia egin zioten eta aurkariak bigarren txartela merezita ikusi zuen. Jokaldi berean Aitor Arangurenek atera eta Kepak buruz bigarrena sartu zuen. Lehen zatia amaitu aurretik, Iker Agirrek 0-3koa egin zuen.
Atsedenetik itzulita, abantaila hori mantentzea arazo gehiegirik gabe zen asmoa eta ondo lortu zuten hori. Azken ordu laurdenean etorri ziren beste hirurak. Peio Ezenarro, Jon Goikoetxea eta berriro Ximonek osatu zuten seikoa.
Hiru puntu gehiago batu eta bigarren tokian kokatu da Martin Alguacilen taldea. Idiazabalekin berdinduta daude 12 punturekin eta aurretik Aloña Mendi besterik ez dute puntu bat gehiagorekin. Aipatzekoa joan den urtean lehen itzuli osoan baino puntu gehiago dituztela aurtengo denboraldian bost jardunaldi jokatu diren honetan.
Bihar larunbata kostaldeko derbia jokatuko dute Iraetako futbol zelaian. Arratsaldeko 16:30ean Keta Babyauto eta Zarautz B aurrez aurre.
Aretokoak ere bikain
Aretoko futboleko taldeak ere garaipen borobila lortu zuen joan den ostiralean, 7 eta 3 Altza B taldearen aurka etxean.
Taldearen asmoa partidari ondo ekitea zen, aurrekoetan egin ez zutena. Lortu zuten presio indartsu bati esker, zeren lehen zatiko 20. minutua bete aurretik 5-0ko emaitza zuten alde. Golegileak Oihan Larrañaga (2), Ekhi Arostegi (2) eta Ekaitz Rada izan ziren. Bigarrenean Larrañagaren hirugarrena eta Danel Esnalena etorri ziren.
Gaur 20:45ean Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute sailkapeneko azken tokian dagoen Galaktik AFT taldearen aurka. Denak galdu dituzte etxekoak eta horrela jarraitzea espero dugu getariarren onerako.