Getaria
Keta Babyauto futbol taldeak laugarren garaipena lortu du jarraian EibarrenLehen zatian izandako arazoak gainditu eta 1-3 irabazi zioten Eibartarrak taldeari Unbe zelaian
Juan Mari Zubiaurre
GETARIA.
Osteguna, 6 azaroa 2025, 20:34
Martin Alguacilen taldeak ibilbide zoragarria darama Gorengoen Mailako hasieran. Azken jardunaldian laugarren garaipena lotzen zuten jarraian eta zazpitik sei partida irabazita, sailkapeneko goialdean jarraitzen dute.
Ostiral iluntzean Unbe futbol zelaian jokatutako partidak ez zuen hasiera ona izan; bai, ordea, amaiera. Lehen zatian taldeko bi jokalari aldatu behar izan zituzten arazo fisikoak medio. Bi hegaleko atzelariek zelaia utzi zuten eta aldaketa asko ekarri zituen Martinen hamaikakoan.
Zorionez, atsedenera joan aurretik, Kepa Aranguren sartu berriak, kontrol bikain bati esker, zentrala eta hegaleko jokalariak atzean utzi eta atezaina ederki gainditu zuen, lehen zatiaren amaierara 0 eta 1eko markagailuarekin joateko.
Lasaitasun handia eman zion honek taldeari eta aldageletan bigarren zatirako egokitzapenak egin ondoren ondo ekin zioten getariarrak partidari. Eibartarrak taldea behartuagoa zegoen orain eta norgehigokaren kontrola bisitarien esku geratu zen.
Horrela kontraeraso bizkorrei esker etorri ziren Jon Goikoetxea eta Ximon Arangurenen golak, partida erabakita uzteko. Luzapeneko korner batean, etxekoak ohorezko gola egiten zute 1eta 3koarekin amaitzeko.
Igandean Zarautzen jokatuko du Keta Babyautok etxeko bezala, Asti Txikin arratsaldeko 19:00etan Zumaiako B taldearen bisitarekin.
Aretokoak, gaur
Areto futboleko Ketak gaur jokatuko du Sahatsagan 20:15ean Jaixkiareto taldearen aurka.