Getaria
Kepa Iribarren azken eleberriaren aurkezpena gaur, 'Erleen azken ziztada'Zarautz jauregian arratsaldeko 18:30ean egingo du kazetari getariarrak aurkezpena
Juan Mari Zubiaurre
GETARIA.
Osteguna, 13 azaroa 2025, 20:15
Eleberri bat argitaratu berri du Kepa Iribar kazetariak (Getaria, 1975), bere bigarren lana da, aurrez '72 ordu' (Erein, 2022) kaleratu baitzuen. Argia ikusi eta astebete eskasera, 'Erleen azken ziztada' (Erein, 2025) herrian aurkeztuko du gaur ostirala, arratsaldeko 18:30ean Zarautz jauregian.
Eleberri honetan zera topatuko dugu argitaletxearen esanetan, «Gerra zaharren itzalak eta gaurko eguneroko ilunak gurutzatzen dira Erleen azken ziztada eleberrian. Getariako kale estuetan, Kantauri itsasoko olatu handien artean eta Bidasoaren bazterretan, ihesaldiak, bahiketak eta sekretuek pertsonaien patuak nahasten dituzte. Aitor Letamendia detektibea, bere iraganeko zauriekin oraindik borrokan, eta Edurne Rodriguez, Ertzaintzako ofiziala, konplot arriskutsu baten erdian harrapatuta ikusiko ditugu, non Bigarren Mundu Gerrako oroitzapenek gaurko ten-tsioekin bat egiten duten».
Kepa Iribarrek narrazio bizi eta zirraragarria eskaintzen digu, suspensearen hariari etengabe tiraka, iragana eta oraina elkarrizketan jarriz. Eleberriak, istorio pertsonalen bidez, gure gizarteko itzalak agerian uzten ditu: ultraeskuinaren gorakada, emigrazioaren tragedia, boterearen gehiegikeriak, beldurraren logikak eta elkartasunaren indarra. Irakurlea harrapatzen duen nobela da, azken orrira arte ezkutuko erle horien ziztada sentiarazten duen horietakoa.
Gaur beraz, Zarautz jauregian Keparen ahotik entzungo dugu eleberri honen nondik norakoa eta bide batez ale bat erosteko aukera ere izango da.