Getaria
Getariako Udalak lizitaziora atera du espazio autogestionatu berria sortzeko proiektuaGetariako Udalak espazio autogestionatu berri bat sortzeko proiektua jarri du martxan, gazteen eta herriko eragileen topaketa- eta jarduera-beharrak erantzuteko helburuarekin. Guztira 434.000 euroko aurrekontua izango du egitasmoak, eta horietatik 210.000 euro 2026ko udal aurrekontuan aurreikusita daude. Espazioa Turismo Bulego zaharrean kokatuko da.
Udal gobernuak azaldu du espazio berria komunitatearen beharrei erantzuteko diseinatu dela, eta horretarako azken hilabeteetan prozesu publiko-komunitarioa garatu dela. Prozesuan Getaiko Asanbladako eta GRAKA elkarteko kideek, baita Udaleko ordezkariek ere parte hartu dute; dinamizazioa Tipi kooperatibak gidatu du bost saiotan zehar. Prozesuaren emaitza gisa, bi eragileek elkarte gisa erregistratzeko eta espaziorako proiektua definitzeko urratsak eman dituzte, eta hitzarmena osatzen ari dira.
Horrez gain, Udalak nabarmendu du herriko beste eragileek ere espazio berrian parte hartu eta proiektuaren dinamikan inplikatu ahal izango dutela, betiere espazioaren izaera autogestionatuarekin bat etorriz.
Prozesuaren amaieran, espazio berria Turismo Bulego zaharrean kokatzeko aukera ia erabat adostuta geratu zen, eta parte-hartzaileek aurreproiektua ezagutzeko eta proiektuaren idazketaz arduratu den arkitektura taldeari iritziak helarazteko aukera izan dute.
Ezaugarri nagusiak
Herriaren erdigunean kokatuko den espazio autogestionatuak erabilera anitzeko gune nagusi bat hartuko du, proiektu eta jarduera anitzetarako egokia. Horrez gain, gaztetxe berriak bi entsaio gela izango ditu, herriko musika taldeen urteetako eskaerei erantzunez.
Eraikinak bi sarrera-irteera izango ditu; nagusia gaur egun parkeko iturria dagoen tokian kokatuko da, eta horren ondorioz iturria goiko espazio irekira lekualdatuko da. Obrak direla eta, goiko gurutzeak ere plazan kokapen berria izango du, eta honen ondorioz goiko eremua guztiz ireki eta erabilgarri geratuko da.
Espazioak bi komun izango ditu, eta esku-hartzeen artean lokalaren insonorizazioa ere aurreikusten da.
Udalaren ustez, espazio autogestionatu berria urrats estrategikoa izango da gazte politiketan eta herritarren parte-hartzean, eta herriaren dinamizazio sozial eta kulturalean eragin positiboa izatea espero da. Obren hasiera 2026an aurreikusten da, eta horretarako, udalak dagoeneko lizitazio prozesua abiarazi du.