Getaria
Eusko Label Ligari hasiera bikaina eman eta seigarren da traineruaBilbon bosgarren sailkatu ziren eta Sestaon kale txarrenetik zortzigarren
Juan Mari Zubiaurre
GETARIA.
Astelehena, 7 uztaila 2025, 20:13
«Azken bi tokiak ekiditzea» zela zioen Ion Larrañagak Esperantzaren aurkezpenean aurtengo Eusko Label Ligaren inguruan getariarren helburua zein zen galdetzean.
Ba beno, oraingoz erraz bete dute jarritako helburua ligako lehen asteburuan. Eta ez bete bakarrik, larunbatean Bilbon erakustaldia eman zuten, bakarka ziren ontziak lanean erlojupekoan eta Esperantza bosgarren sailkatu zen. Hasiera oso ona eta itxaropentsua zale guztientzat.
Ontzian aldaketa ugari izan dira baina neguan lana ondo egin eta emaitzak azaleratzen hasi dira. Harrobiko zazpi mutil traineruan eta Bilboko estropada Ionek oso gogoko ez badu ere emaitza oso ona izan zen.
Igandean Sestaoko estropada lehiatu zuten eta beti bezala denak kale zozketaren zain. Oraingoan zorte gutxi izan zuten gure arraunlariek eta kale txarrenetik atera behar izan zuten. Arraun eremu honek beti ekartzen du honelako egoeraren bat eta halere emaitza ona lortu zuten, zortzigarren tokian amaituz. Bi aldaketa ontzian eta sailkapen orokorrean seigarren kokatu dira. Unax Eizagirre, gainera, patroi hoberenaren sailkapen buruan jarri da, 17 punturekin.