Getaria
Bihar helduko da Zero Zabor Uretan kanpaina herrira Mater ontziarekinMutrikutik etorriko da eta gurean egon ondoren igandean Hondarribiara abiatuko da
Juan Mari Zubiaurre
GETARIA.
Asteartea, 15 uztaila 2025, 20:43
'Hondakinik onena, sortzen ez dena' lelopean, Bilbon abiatu zen Mater ontzia Zero Zabor Uretan kanapaina berri bati ekiteko asmoarekin. Ordutik, portugalete, Bermeo, Ondarroa eta Mutrikuko portuak bisitatu ditu eta bihar, uztailak 17, Getariara etorriko da.
Doako jarduerak burutzen dira geldialdi bakoitzean: bisitak, tailerrak, itsas hondakinak arrantzatzeko nabigazioak, proiekzioak ontzian eta itsasoa eta bizia zaintzeko aldarrikapenak.
Mater euskal portu hauetara iristearekin batera, hilabete batzuk lehenago herri horietan hondakinen prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzeko tokiko eragileekin hasitako lana amaitzen da. Sentsibilizazio-hitzaldien, erakusketen eta hainbat kolektibori zuzendutako proposamenen bidez, sinergiak egin dira, tokian tokikotik arazoaren globalera eta konponbideetara jarduteko. Udalak, komunikabideak, gizarte-erakundeak eta tokiko dendak izan dira aurtengo protagonistak.
Bi erraldoi
Parte-hartze honen haria komunitatean sorturik erraldoi bihurtu diren bi figura izan dira, ikusezina ikusarazteko: BIO, Bizitzaren Sarea, biziaren zaintzaren garrantzia irudikatzen duena eta kakorratzez egindako dozenaka algaz eta itsas animaliaz egina dagoena; eta ZABOR, Itsas Hondakinen Munstroa, gizarte gisa ditugun kontsumo ohitura suntsitzaileen emaitza dena eta euskal kostaldean bildutako plastikozko itsas hondakinez osatua dagoena.
Erraldoi hauek Materreko tripulazioaren parte izango dira itsas zeharkaldi honetan ere, eta herri bakoitzeko programazioa itsasoaren zaintzaren aldeko martxarekin irekiko dute, herri horietako ehunka haurrek egindako mezuekin batera.
Getariako egitaraua
Mutrikuko portuan egon ondoren, geldialdia egingo du Getarian, hilaren 17tik 20ra. Hondakinen arazoari irtenbideak bilatzeko eta hausnarketa parte-hartzaile bat sortzeko egitasmoa da honakoa, eta ekintzaz betetako egitaraua prestatu dute herrirako.
Honakoa da Getariako egitaraua; Uztailaren 17a, osteguna: 19:00etatik 20:00etara: Itsas Erraldoien Martxa. 22:30etik 23:30era: Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren baitan, Zinema Mater Ontzian (sarrera doan)
Uztailaren 18a, ostirala: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara: Bisitak Ontzi Museora. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara: Itsas Zaindari Gunea. 17:00etatik 19:00etara: Hondakin Bilketa Gudarien Enparantzatik Malkorbera.
Uztailaren 19a, larunbata: 11:00etatik 14:00etara: Bisitak Ontzi Museora. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara: Itsas Zaindari Gunea. 17:30etik 19:00etara: Sormen Birtziklatze Tailerra
Uztailaren 20an, Hondarribirantz abiatuko dira nabigazioan. Bertan parte hartu nahi duenak horretarako aukera dauka, 50 euroren truke. Ekintzetarako erreserbak egiteko bi bide daude: 619814225 telefono zenbakia eta info@mater.eus helbidea.