Costa Urola
Gaur, asteazkena, egingo da kultur etxearen inguruko bilera ZestoanHitzordua 19:00etan izango da, kultur etxeko areto nagusian eta zestoar oro gonbidatuta dago bertan parte hartzera
Eli Aizpuru
Zestoa.
Asteartea, 28 urria 2025, 20:00
Zestoako Udaleko gobernu taldea herriguneko kultur azpiegiturei buruzko hausnarketa prozesu batean murgilduta dabil, eta prozesu horren erdigunean jarri du kultur etxea. Urteak daramatza azpiegitura honek herriko kultur jarduerari eusten, baina udalak azaldu du iritsi dela unea «sakon hausnartu eta etorkizuneko erronkei begira zenbait eraldaketa» proposatzeko, betiere udalaren ahalmen ekonomikoa kontuan hartuta.
Saio gehiago
Hausnarketa hori kultur eragileekin eta azpiegituraren erabiltzaileekin batera egin nahi du udalak, eta, horregatik, bilerak herritar orori irekita izango dira. Asmoa da urte amaiera baino lehen bizpahiru saio egitea, eta lehenengoa gaur bertan izango da.
Bileraren abiapuntua Kultur Etxearen egungo egoera izango da, baina ez da baztertzen aurrerago azterketa zabalago bat egitea, herriko beste kultur azpiegitura batzuk ere barne hartuz. Udalak gaiarekiko interesa eta parte-hartzea sustatzeko dei berezia egin du, herritarren ekarpenak erabakigarriak izango direlako etorkizuneko erabakietan.
Bilera gaur izango da, urriaren 29an, asteazkenean, iluntzeko 19:00etan, kultur etxeko areto nagusian. Udalak zestoar guztiak parte hartzera eta iritzia ematera gonbidatu ditu, Zestoako kultur etorkizuna elkarlanean eraikitzeko.