Borrar
Bengoa antolatzailea eta Oteiza udal arduraduna prentsaurrekoan, finalean arituko diren aizkolari eta harrijasotzaile talde batekin. E.A.
XXV. Urrezko Binakako Aizkolari txapelketa jokatuko da igandean Azpeitian
Azpeitia

XXV. Urrezko Binakako Aizkolari txapelketa jokatuko da igandean Azpeitian

Izarraitz frontoian izango da hitzordua, 11:45ean, eta binakakoaz gainera, 23 eta 19 urtez azpikoen eta emakumeen txapela ere izango dira jokoan

Eli Aizpuru

Azpeitia

Jueves, 13 de marzo 2025, 16:52

Izarraitz pilotalekuak Urrezko Binakako Aizkolarien txapelketa hartuko du, beste behin, igande honetan. 11:45ean hasita, Hodei Ezpeleta eta Arkaitz Etxebeste, Julen Alberdi 'Txikia IV'.a eta Jon Rekondo eta Iker Vicente eta Eneko Saralegi bikoteak neurtuko dira.

Ez da pilotalekura gerturatzen direnek ikusiko eta gozatuko duten final bakarra izango, izan ere, binakakoarekin batera, 23 urtez eta 19 urtez azpikoek ere txapela izango dute jokoan. 23 urtez azpiko mailan Jon Erdozia, Jokin Larrieta eta Aritz Oiarbide izango dira nor baino nor txapelaren bila. 19 urtez azpikoetan, berriz, Kimetz Alzola, Oier Mitxelena eta Aitor Saralegi neurtuko dira.

Gazteen mailan sari berezia ere izango da. Izan ere kategoria bakoitzeko garaileek Gazteen Kopa jokatuko dute. Emakumezkoen txapela ere izango da jokoan. Bertan izango dira Uxue Ansorregi, Laiene Pikabea eta Karmele Gisasola 'Zelai III'.a.

Harri-jasotze finalak

Aizkolarien finalez gainera, Urrezko Harri-jasotzaileen finalek borobilduko dute jaialdia. Gizonezkoen mailan, harri handien finala batetik, eta txikiena, bestetik, jokatuko dituzte. Harri handiekin ariko dira Gari Garmendia, Xabier Aranburu 'Guzta' eta Jon Unanue 'Goenatxo III.'-a. Harri txikiekin Iraitz Arruti 'Burni txiki', Mikel Lopetegi 'Urra' eta Beñat Telleria izango dira lehian. Azken hau Paulo Azpiazuren ordez sartu da finalera azken momentuan, Azpiazuren lesioa medio.

Urrezko emakumezkoen txapela ere izango da jokoan. Estefi Etxebesteren,Maddi Gesalagaren eta Ainitze Zumetaren artean erabakiko da txapela.

Leihatilak jaialdia hasterako zabalduko dira eta bertaratzen direnek 25 euro ordaindu beharko dute. Aldiz, 16 urtez azpikoen doan izango dute sarrera.

Bengoaren agurra

Asteazken iluntzean Azpeitiko Udalean egindako aurkezpenean txapelketaren xehetasunak azaltzeko elkartu ziren antolatzaileak eta finaletan parte hartuko duten aizkolari eta harri-jasotzaile hainbat, udal ordezkari Jon Oteizarekin batera. Txapelketaren berri emateaz, gainera, Luis Mari Bengoaren agurreko txapelketa izango dela igandekoa aurreratu zuten. Izan ere hainbeste urtean aizkoraren eta herri kirolen munduan aritu ostean erretiroa hartuko du eta horretarako Azpeitia aukeratu du. «Duela 28 urte Azpeitian antolatu genuen banakako finala eta amaiera ere Azpeitiko finalekin ematea pentsatu dut».

Bengoak udal ordezkariak eta azpeitiarrak eskertu zituen eta beste hainbat urtetan herri kirolei tartea egiten jarraitzeko animatu zituen. Lotura «berezia» izan du Bengoak Azpeitiarekin. «Hemen hasi eta hemen bukatuko du», azaldu zuen Oteiza udal kirol batzordeburuak. «Eskerrik asko, Luis Mari!», gaineratu zion, hainbat urtetako elkarlana goraipatuz.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco XXV. Urrezko Binakako Aizkolari txapelketa jokatuko da igandean Azpeitian