Pandemia aurretiko egun osoko egitaraua berreskuratu zuen Bertso Egunak
Bertso-poteoak hotzari aurre egiten lagundu zuen, baita osteko bazkalorduko eta afalorduko saioek ere
I. M.
Asteartea, 31 urtarrila 2023, 12:25
Pasa den urtarrilaren 28an Azpeitian antolatu zuen Bertsozale Elkarteak 2023ko Bertso Eguna, pandemia aurretiko egun osoko egitaraua berreskuratuta. Aurreikusi bezala, bertso-poteoak abiatu zuen ekimena, bertsolarien umore eta bertsoekin hotzari aurre egiteko. Gerora, bost elkartetan egindako beste hainbeste bazkarik hartu zuten erreleboa: hiru libreko saio Jone Uria eta Sustrai Colina; Ane Labaka eta Maialen Akizu eta Jexux Mari Irazu eta Unai Iturriagarekin. Orotara 200 lagunetik gora batu ziren.
Arratsaldean bertso saio musikatuetan aritu ziren Aitor Etxeberriazarraga, Beñat Gaztelumendi, Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal; musikaren ardura izan zuten Gari Otamendik eta Araitz Bizkaik. Gaiei erantzunez aritu ziren, berriz, Andoni Egaña eta Nerea Elustondo bosgarren bertso bazkarian. Azken bi saioetan aritu ziren gai jartzen Ane Ezenarro eta Imanol Artola 'Felix'.
Egunari amaiera bikaina emateko, gauean, Azpeitiko Azoka Plazan, Elikaguneak prestaturiko afaria izan zen. 300 lagun elkartu ziren bertso lanez gozatzera. Maialen Lujanbiok eta Eñaut Martikorenak eman zioten librean saioari hasiera. Imanol Artola Felix eta Ane Ezenarroren esanetara aritu ziren Sarai Robles, Peru Abarrategi, Maddi Ayestaran eta Ane Zuazubiskar. Bertso jarriak abestu zituzten Josune Aramendi eta Aissa Intxaustik, Aner Peritzen laguntzarekin. Baina ez ziren bakarrak izan, Xabat eta Joanes Illarregik ere eraman baitzuten beren bertso sorta, Hauek Ander Fuentes 'Itturriren' laguntza izan. Gaueko saioa bukatzeko, berriz ere librean aritu ziren Martikorena eta Lujanbio.
Ibilbide luzeko ekimena
Bertso Eguna lehen aldiz 1968an antolatu zen, orduan Bertsolari Eguna izenpean. Donostiako San Sebastian jai egitarauaren barruan bertso ekitaldi berezi bat antolatzea erabaki zuen Kultur eta Turismo Ekintzetxeak (KTE), eta orduko txapelduna, Manuel Olaizola 'Uztapide' omendu zuten. Arrakastaren ostean, garaiko hainbat bertsolariren omenaldi egun bilakatu zen.
1987an Bertsozale Elkarteak hartu zuen antolatzeko ardura, betiere Donostiako Udalarekin elkarlanean. 1995ean lehen buelta ematea eta omenaldi kutsua alde batera uztea erabaki zuten, bestelako itxura emanda egunari; izena ere aldatu zitzaion, eta Bertso Eguna izatera pasa zen. Gizartearen eta bertsolaritzaren eboluzio naturalari jarraituz, hainbat erabaki hartu zituzten: Igande arratsaldeko ekitaldia izatetik larunbat gauekoa izatera igaro zen, helburuetan ere aldaketak ezarri zituztelarik. Bertsogintzaren aldaketak islatzea eta esperimentatzea, besteak beste.
Egitasmoaren bigarren egokitzapena 2016an izan zen. Urte luzez Donostiako Udalarekin lankidetzan aritu ostean, Bertsozale Elkarteak 2017an ekitaldia ez burutzea erabaki zuen eta 2018tik aurrera urtero leku desberdinetan egitea «Euskal Herriko herrialdez herrialde, eta herriz herri» urtarrileko azken asteburuan. 2018an Mungian izan zen, 2019an Barañainen, 2020an Aramaion eta 2021ean zein 2022an bestelako formatuan egin zen pandemiagatik.