Azpeitia
Hondarraren magia eta Andoni Bastarrikaren eskulturak, ikusgai Betharram aretoanArtista azpeitiarrak egindako lanak ikusgai daude, eta urriaren 19ra bitartera izango da zabalik aretoa
Azpeitiko Betharram aretoan zabaldu da Andoni Bastarrika artistaren erakusketa berezia. Urriaren 19ra arte ikusi ahal izango dira hareaz egindako eskultura ikusgarriak, tamaina naturalean sortuak: krokodriloak, otsoak, tigreak eta bestelako animaliak daude. Haurrekin eta eskoletako bisitekin jende ugari gerturatzen ari da, hondarraren bidez arte bizia sortzen duen artistaren lana bertatik bertara ikustera.
Andoni Bastarrikaren ibilbidea orain dela hamabost bat urte hasi zen, guztiz ustekabean. «Nire alabak txikiak ziren orduan. Haiekin hondarretan jolasten hasi nintzen, eskultura bat egin nahi izan genuen eta egiteko aurkitu nuen lehenengo gauza chupa chups baten makila eta luma bat izan ziren. Eskuekin sirena baten gorputza ateratzen hasi nintzen, eta horretarako erraztasuna nuela ikusi nuen. Gustatu zitzaidan eta ordutik hona jarraitu dut», azaldu du artistak.
Lehen urteetan Itzurun eta Getariako Malkorbe hondartzetan aritzen zen bere kasa, esperimentatzen eta ikasten. «Udazken eta udaberri aldera neure erara ikasten egon eta gero 'kallejero' moduan hasi nintzen. Ondoren nahiko ezaguna egin nintzen eta orain arte jarraitu dut», dio irribarretsu.
Hondarra arte eta bizibide
Hasieran zaletasun hutsa zena gaur egun Bastarrikaren ogibidea bihurtu da. «Lehen fruta-saltzailea nintzen, shiatsu terapeuta ere bai. Shiatsu teknika orientala da, sentsibilitatearekin lotura handia duena, eta nik sentsibilitate handia dut eskuetan», azaldu du.
Sentsibilitate hori darama orain hondarrera, eskuekin moldatzen dituen irudi bizidunetan. «Egiten ditudan eskultura gehienak animaliak edo gorputz biluziak dira. Aurpegiak ere bai, dena da biribiltasuna. Eskuak erabiltzea gustatzen zait, eskuekin lan asko egiten dut eta bukaeran makila edo luma bat erabiltzen dut xehetasunetarako. Hondarrarekin gozatu behar da, lotsarik gabe», gaineratu du.
Urteekin, Bastarrikak tailerrak antolatzeko eta bere artea partekatzeko gogoa izan du. «Oso ondo eramaten naiz umeekin, asko gustatzen zaie hondarrarekin jolastea. Saiatu egin behar nuela pentsatu nuen, eta kostako zein barnealdeko herrietan hasi nintzen tailerrak ematen. Nire bizibidea bihurtu da».
Artistak azaldu duenez, tailerrak terapeutikoak ere izan daitezke, bai haurrentzat, bai helduentzat. «Ikusgarria da ikustea nola hasten diren haurrak eskultura sortzen, eta nola jarraitzen eta bukatzen duten gurasoek. Batzuetan seme-alabak baino gehiago gozatzen dute, barruan daramaten haurra ateratzen dutelako. Pertsonek gauza asko deskubritzen dituzte horrelako ekimenekin, eta terapeutikoki ere ona da».
Etorkizuneko proiektuak
Bastarrikak argi du bere bidea: hondarrarekin sortzen eta bizitzen jarraitzea. Uda sasoiaz gain, urte osoan zehar hondar-tailerrak eta ikastaroak antolatzeko asmoa du, baita helduentzako esperientzia terapeutikoak garatzeko ere. «Edozein lokaletan antola daitezke horrelako ikastaroak. Umeekin oso ondo funtzionatzen dut, baina 40 urtetik gorako pertsonekin lan egitea ere gustatuko litzaidake» adierazi du.
Erakusketa urriaren 19ra arte egongo da zabalik Betharram aretoan, eta bertan ikus daiteke hondarraren bidez sortutako mundu magikoa.