Ver 9 fotos
Erraldoien festa handia Umeen Egunean
Lazkaoko erraldoiak nagusitu ziren banakako dantza txapelketan eta aldiz, taldeka, Zizur Nagusira joan zen lehenengo saria
Umeen Eguna ospatu zuten atzo Azpeitian eta ohi bezala, korporazio txikiak agindu zuen egun batez herrian. Kaleak berriz, erraldoiek hartu zituzten, leku desberdinetatik etorritako konpartsekin. Ohi bezala, Arrasateko, Iruñako, Zarauzko, Elgoibarko, Txantreako, Urduñako, Errotxapeako, Añorgako, Pasaiko, Butintxuriko, Barañaingo, Tafallako, Mendillorriko, Iturri plaza Errotxapeako, Lazkaoko eta herriko erraldoiak elkartu ziren. Hauekin batera Urrestillakoak ere etorri ziren kalejiran eta nobedadeak ere izan zituen txapelketak. Izan ere, estreinakoz, Colla Cegantera de Navás, Kataluiniako erraldoiek hartu zuten parte eta hauekin batera, lehen aldiz baita ere, Errezilgo bi erraldoiek (Aker-oker eta Xagar).
Itsasi dantza taldeak eta Luis Beltza Dantza Suelto Eskolak antolatuta, goizean atera zen kalera Korporazio txikia, Juan Antxieta musika eskolako txistulariekin eta banda gazteearekin batera. Ondoren, erraldoien dantza txapelketa egin zen plazan.
Lehia handia
Banaka nahiz taldeka dantzatu zuten partaideek plazan, udaletxeko balkoian zeuden epaimahaikideen aurrean. Epai lanak egin zituzten Azpeitiko Argazki Elkarteko kide Juan Carlos del Pozok, Itsasi dantza taldeko Amaia Aranagak eta Juan Antxieta musika eskolako zuzendari Mari Jose Bikendik. Hauek hala erabakita, bakarkako lanetan Lazkao nagusitu zen eta taldekakoan berriz, Zizur Nagusia izan zen garailea.
Estreinakoek 300 euro jaso zituzten udaleko arduradun Leire Goenagaren eskutik eta aldiz, taldekako saria, 600 eurokoa izan zen. Behin sari banaketa amaitu ostean, kalejiran jarraitu zuten erraldoiek Alde Zaharrean zehar eta musikaz eta alaitasunez bete zuten herria San Inazio festen atarian.
Arratsaldean, jaietan toreatuko diren zezenen desenkajonamendua izan zen. Asteazkenera begira dira orain azpeitiarrak. Izan ere, egun horretan jaurtiko da San Inazio jaiei hasiera emango dien suziria. Aurtengoan Azpeitian urte luzez erretore izandako gizona izango da protagonista. Kepa Susperregi parroko ohiak zabalduko ditu jaiak.